Aniztasun eta identitate sexualen alde

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2016ko eka. 28a, 19:46
Ekainaren 28an mundu osoko kaleak, Euskal Herrikoak ere bai, kolorez eta aldarrikapenez jantziko dira LGTBI kolektiboaren hamarkadatako borroka nabarmentzeko. 2016. urtean 47 urte beteko dira Stonewalleko (New York) matxinadatik.

Egun hau askatasun sexualaren mugimenduaren baitan berezia da oso, erakunde politiko, polizial eta erlijiosoek lesbianen, gayen, bisexualen, trans eta intersexualen aurka ezarritako errepresioaren kontra egiteko mugarri izan baitzen.

Orduko mobilizazioek sexu askatasunaren aldeko antolakuntza bultzatu eta lanerako indarra eman bazuten ere, 47 urte geroago diskriminazio egoerak ez dira amaitu. Are gehiago, zenbait kasutan bestelako diskriminazio egoerekin batu dira eta baztertze egoera larrietan utzi ditu lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualak. Kapitalismoak eragiten dituen diskriminazioei beraz, eredu matxista eta patriarkalaren bazterketak gehitu zaizkie, pertsona guztien, eta bereziki pertsona LGTBIen ongizatea kinka larrian jarriz.

Besteak beste, honelako kasuak bizi ditugu egun Euskal Herrian: inmigrante ez heterosexualak; pobrezian bizi diren emakume lesbianak; beltzak eta transexualak direnak; familia nuklearrean oinarritutako bizi ereduekin bat egiten ez duten pertsonak; generorik gabeko identitateak dituztenak; etab. Arrazoi ezberdinengatik dira diskriminatuak pertsona hauek: arrazoi sozioekonomikoengatik eta baita genero arrazoiengatik ere.

Izan ere, Hego Euskal Herrian oraindik ere homofobia, lesbofobia eta transfobiaren erasoak egunerokoak dira: kaleko eraso fisiko zein ahozkoak, euskaltzaindiaren generoaren araberako izenen katalogazioa, familia eredu bakarraren inposizioa eskubideak bermatzeko, liburu eta eduki multimedia sexista, etab.

Egoera internazionalari so eginda, gero eta herrialde gehiago dira sexu askatasunaren aurka mota ezberdinetako legediak onartu dituztenak, hau giza eskubideen kontrakoa bada ere.

Azkenengo homofobia erasorik bortitzena hilabete honetan bizi izan genuen Orlandon. Erasotzaile bakarra izan bada ere, gizarte eredu oso baten arazoa da honako kasua, homofobia erasoak esparru guztietan bizi bait ditugu. Izan ere, Orlandon ia 50 hildako izan dira, baina nazioartean egunerokoan bizi ditugu eraso homofoboak; gizarteko esparru ezberdinetatik zein legedia kriminalizatzaileetatik.

Horrexegatik, elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia aldarrikatzen dugu, jarrerak aldarazi eta LGBT kolektiboarekiko aurreiritziak, fobiak eta gorrotoak desagerraraziko dituena, alor guztietan ezinbestekoak diren lege eta gizarte aldaketak eginda: hezkuntzan, osasungintzan, komunikabideetan edota herritar askatasunetan. Horretarako ezinbestekoa izango da ahalduntze politikak bultzatzeta gizarteko sektore ezberdinetan.

Honengatik guztiagatik, politika instituzionalak pertsona lesbianen, gayen, transexualen, bisexualen eta intersexualen eskubide politiko, ideologiko eta zibil oro babesteko norabidean joan behar dira, oinarrizko askatasun printzipioaren baitan.

Era berean, hauen aurkako eraso, jazarpen edota errepresio oro gaitzetsi eta salatzeko jarrera izan behar du, eta horrelakoak errepika ez daitezen, bere eskura dituen baliabide guztiak erabili beharko lituzke, prebentziorako, detekziorako, asistentziarako eta laguntzarako protokolo baten lanketa egiteko.

Pertsona askeek osatutako herri askea eraikitze bidean, Euskal Herriko herri eta hiri desberdinetan antolatutako mobilizazioekin bat egitera deitzen du Zarauzko EH Bilduk.