2017 urteko Ordenantza Fiskalak

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2016ko urr. 6a, 10:00

Ordenantza fiskalak Udaleko zerga, tasa eta prezio publiko guztiak biltzen dituen araudi oso bat da. Bertan Udalak ematen dituen zerbitzu guztiak biltzen dira, begi-bistakoenetik ezagutza gutxien duena arte. Udal zerbitzuen eta jardunaren kalitatean duen eraginagatik, urtero hartzen diren erabaki garrantzitsuenetako bat da.

Udalak ematen dituen zerbitzuak ordaintzeko zutabe garrantzitsua da. Baina, aldi berean, berebiziko garrantzia ere badu gizarte kohesionatu bat lortzeko bidean. Izan ere, ordenantza fiskal hauek osatzeko erabilitako irizpideek nabarmen alda dezakete gizartearen egitura, kontuan hartuta herritar bakoitzak egin beharko duen ekarpen ekonomikoa zehazten duela. Halaber, zerga eta tasetan ezartzen diren pizgarri zein errekarguak herriaren norabidea egokitzeko ere balia daitezke.

Ordenantza fiskalak zehazterako momentuan, beraz, lau irizpide garrantzitsu kontuan hartu behar direla deritzogu.

Batetik, testuinguru sozioekonomikoa. Jakina denez, eta zifra makroekonomiko interesatuak baliatuz beste mezu bat zabaldu nahi den arren, herritarron bizi-baldintzetan zein lan-baldintzetan ez da inongo hobekuntzarik izan. Are gehiago, azken urteetan Bruselatik eta Madriletik inposatutako murrizketen eraginak nabarmenak dira.

Bigarrenik, Udalak eman beharreko zerbitzuen egoera ere kontuan hartu behar da. Alegia, Udalek ematen dituzten zerbitzuen kostuak eta tasetatik jasotzen diren diru-iturrien arteko oreka ere beharrezkoa da.
Hirugarrenik, aurrera eraman nahi diren egitasmoak zehaztu behar dira. Herri guztiek behar dituzte aldaketak eta aurrera egiteko azpiegitura edota jarduera berriak. Hauek ere, noski, kontuan hartu behar dira.
 
Amaitzeko, eta guretzat ezinbestekoa dena, irizpide guzti hauen gainetik justiziaren eta berdintasunaren printzipioak ezarri behar dira. Alegia, gehiago eman ahal duenak gehiago eman behar du gutxiago duenaren mesedetan. Hau gauzatu ahal izateko, gizarte zerbitzuek eta herriko elkarteek eman ahal duten asistentziarekin batera, fiskalitatea zutabe nagusia da.

EAJ eta PSEren arteko udal-gobernuak arestian aipatutako irizpideak kontuan baino beste batzuk hartu nahi ditu.

Zarauzko EH Bilduk, osteguneko udalbatzarrean ezezkoa eman zien 2017ko Ordenantza Fiskalen hasierako onespenari. Gure eskaerak ez ziren jasoak izan, udal gobernuak % +0,7 ko igoera orokorra eta Hondakinen tasetan % 5-eko igoerak onartu ditu. Hona hemen gure proposamenak:

Abuztuan urte arteko KPIa 0.1eko zenez, gure proposamena, orokorrean zergak eta tasak izoztea izango litzateke.

1. Ordenantza Fiskala: Ondasun Higiezinen gaineko zerga arautzen duena.

Hobarietan, familia errenta estandarizatua aplikatzen denean koefiziente berri bat sartzea proposatzen dugu. Koefiziente hau zaintza pertsonala behar duten pertsonei aplikatuko zaie eta 0,3-koa izango litzateke (seme-alaben parekoa)

Etxebizitza hutsen OHZ-ren errekargua %150-ra igotzeko asmoa azaldu zuen udal gobernuak aurreko urtean. Ez dugu igoera hori egiten denik ikusten eta gure proposamena hau gauzatzea izango litzateke.

Errekarguetan, etxebizitza hutsei aurreko urtean jarritako argi indarraren kontsumo muga malgutu egiten da, 554 KWH-tik 300 KWh-ra jaitsiaz. Aurreko urtean etxebizitza hutsei errekargua aplikatzeko neurri berriekin ez ginen ados eta aurtengo proposamena bide okerrean ematen den beste pausu berri bat da. Gure proposamena, errekargu hau aplikatzen hasi zen garaiko neurrietan oinarrituko litzatekeen adostasun batera iristea.

3. Ordenantza Fiskala: Hirilurren balioaren gehikuntzen gaineko zerga arautzen duena.

Karga-tasa zegoen moduan uztea proposatzen dugu, %12an.


4. Ordenantza Fiskala: Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena.

Hobarietako 4. puntuan, familia ugariei egiten zaien hobarian, errenta faktorea kontuan hartu dadila eskatzen dugu, familia ugari guztiei bideratu baino, beharra duten familiei bideratzeko. Ondorioz, %50eko hobaria jaso ahal izateko, familia errenta estandarizatua hartuko da kontuan eta familiako kide guztien artean ibilgailu bakarra izango dute jabetzan.

Espazio publikoa irabazteko neurri bezala, autoa bere TAO gunean ez aparkatzeko konpromisoa hartzen duten herritarrei, hau da soilik garajearen erabilera bermatzen bada, Trakzio Mekanikozko Ibilgailuaren zergan %25eko hobaria aplikatzea proposatzen dugu. Hautazko ikuskaritza bitartez erabilera egokiaren jarraipena egin beharko da eta oker aritzen diren herritarrei hobaria kendu beharko zaie.


7. Ordenantza Fiskala: Zerbitzu publikoak eskaini eta jarduera administratiboak burutzeagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituena.

a) atalean, hiri-hondakin solidoen bilketa zerbitzuan udal gobernutik %5 igoera proposatzen du, zerbitzuaren kostu defizitarioa egokitzen joateko. EH Bilduren ikuspuntutik tasa honetan gehiago bereizi behar da zerbitzua ongi erabiltzen duten herritarrek eta oker aritzen direnen artean. Ados izanik zerbitzuaren kostua eta tasen artean oreka bilatu behar dela, gure iritziz, hau ez litzateke gertatu beharko herritarren poltsikoen kontura. Defizitaren murrizketa lortzeko arazoaren oinarrira jo behar dugu, hau da, zerbitzua gaizki erabiltzeagatik sortzen den gainkostua moldatu behar da. Gure proposamena, tasa hau ere mantentzea litzateke eta edukiontzi organikoa erabiltzen duten herritarrei %25eko hobaria jartzea, honekin batera hautazko ikuskaritza eginaz edukiontzi erabilpenetan, erabilera okerrak detektatuko balira oker aritu         denari hobaria kenduaz.

b) atalean, saneamendu eta estolderia zerbitzuari dagokionez, udal talde honek gogorarazi nahi du aurreko urtean udal gobernuak hartutako konpromisoa 2017ko ordenantza fiskaletan ur kontsumoaren erabilpen arduratsua bultzatzeko tasa berriak aurkeztekoa izan zela. Berrikuntzarik ez dagoela ikusirik, EH Bildutik Aigües de Barcelona-k dituen tasa sisteman oinarritutako litzatekeen eredua erabiltzea proposatzen dugu. Nahiz eta sistema honetan ez den kontuan hartzen errentaren faktorea, lehen pausu bezala, kontsumo arduratsua bultzatzeko tasa sistema egokia dela pentsatzen dugu. Etxebizitza mota ezberdinak sailkatu eta etxe bakoitzean bizi den pertsona kopurua kontuan izanik aplikatzen diren tarifak dira.

g) atalean, gizarte larrialdiko apartamentuen tasari dagokionez, aldaketa proposatzen da, tarifa bakarra jarriaz 450 €/hileko eta plazako. EH Bildu udal taldeak, tarifa hori hilabete osoa betetzen denean aplikatu beharrekoa dela pentsatzen du eta beteko ez den kasuetarako orain arte izan den egun/plazako tarifa mantentzea proposatzen du.


12. Ordenantza Fiskala: Zarautzko udalerriko industrialde eta enpresa guneetan hondakinen gaikako bilketa zerbitzua emateagatik ordaindu beharreko tasa arautzen duena.

Atal honetan ere %5-eko igoera proposatzen zaigu, EH Bildu ez dago ados igoera honekin eta tasa hau bere horretan mantentzea proposatzen du. Arrazoiak 7. Ordenantza Fiskalean, a) atalean erabilitako berdinak izanik.