EH Bilduk akordioa lortu du EAJrekin Urola Kostako Udal Elkarteko 2017ko aurrekontuetan

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2016ko abe. 16a, 10:46

EH Bilduk abenduaren 15ean bozkatu diren Urola Kosta Udal Elkarteko (UKUE) aurrekontuen alde egin du, 2017ko aurrekontuak babesteko ezinbestekotzat jotzen zituen lau puntu nagusiak txertatzea lortu ostean; gizarte zerbitzuak, enplegu duina, euskara eta hondakinen kudeaketa

Urola Kosta Udal Elkarteko 2017. urteko aurrekontuen proposamena, azaroaren 3ko zuzendaritza batzordean aurkeztu zituen EAJ-k. Gure taldeak lehen azterketa egin ondoren, aurreko urtean EH Bilduk hiru partida zehatzetan eskatzen zituen igoeretatik, eta onartuak izan ez zirenak, aurtengo aurrekontuetan bi jasoak zeudela ondorioztatu genuen: turismoa sustatzeko partida eta hondakinen sentsibilizazio kanpainetako partida.

Hau kontuan izanik, 2017ko aurrekontuen negoziaketetan lau oinarri proposatu dizkiogu EAJri:

  • ESKUALDEKO GIZARTE ZERBITZUAK:

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroa arautzen duen 185/2015 Dekretua 2015eko urriaren 29an onartu zen, eta 33. Artikuluan zehazten ditu zein diren Udal-eskumeneko zerbitzuak eta prestazioak. Hauetako  hainbat zerbitzu eskualde eremuan kudeatu behar direnez ezinbestekoa iruditzen zaigu mankomunitate mailan planifikazioari eta kudeaketari heltzeko baliabideak ezartzea. Gizarte zerbitzu hauek, garrantzi handikoak dira EH Bilduren ikuspegitik, horregatik, eskualdetik egin beharreko lanketa ahal den azkarren abian jartzea proposatzen dugu, beharrezko diren baliabide pertsonal eta ekonomikoak 2017ko aurrekontuetan islatuz.

Udal eskumenekoak diren, eta eskualde edo eremuan eman beharreko zerbitzuak hauek dira:

  • Adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzua.
  • Bazterkeria egoeran dauden pertsonei eguneko arreta zerbitzua
  • Bazterkeria egoeran dauden pertsonei gaueko harrera zerbitzua.
  • Gizarte premiazko egoerei erantzuteko harrera etxea.
  • Etxeko indarkeriaren biktimak diren emakumeentzako harrera-etxea.
  • Ostatu zerbitzua / Tutoretzapeko etxebizitza bazterkeria-egoeran dauden pertsonentzat.
  • Adinekoentzako ostatu zerbitzuak: Tutoretzapeko apartamentuak eta Etxebizitza komunitarioak.

Gai guzti hauek udalen artean koordinatzeko eta eskualde/eremuko ikuspegi batetik zerbitzua eman ahal izateko, Udal Elkartean gizarte zerbitzuetarako aurrekontua jartzeko beharra ikusten dugu. Zerbitzuak sortu, koordinatu eta bultzatuko dituen teknikaria kontratatzea proposatzen dugu, udaletako oinarrizko zerbitzuetan eskarmentua duena, kudeaketarako beharrezkoak izango diren baliabideekin batera.

  • UKUE-ren KONPROMISOA LANGABEZIAREN AURKAKO NEURRIETAN:

Udal Elkartetik bultzatzen diren Langabeziaren aurkako neurri eta diru-laguntzetan, kontratu berriak sustatzeko garaian, bereziki mugagabe izaera duten kontratazioak babestuko dira. Era berean, enpresen garapena bultzatzerakoan, ildo berdineko laguntzak sustatuko dira, langileen enplegu duina sustatuz.

  • EUSKARA:

Atal honetan, aurreko urtean lortu ez zen akordioa berriro ere mahai gainean jarri dugu. UKUE eta UEMA-ren artean hitzarmen bat bultzatzea proposatu dugu, eskualdeko Udal Elkartea eta UEMA-ren lankidetza euskararen arloan sustatzeko eta behar den aholkularitza teknikoa emateko.

  • HONDAKINEN GAIKAKO BILKETA:

Gaikako hondakinen bilketa sistema berriaren inguruan EAJ eta EH Bilduren arteko akordioa lortzea ezinbestekotzat jotzen genuen, aurrekontuetan adostasuna lortu ahal izateko. Dakizuen moduan, gaikako bilketa berria adosteko elkarrizketa horiek eskualdeko alderdi guztien akordioarekin amaitu berri dira. Bertan, bete beharreko gutxieneko helburuak zehaztu eta hauek lortuko ez balira neurri zuzentzaile aukera ezberdinak aipatzen dira.

 

EH Bilduk garrantzi handia ematen dio lortu den akordioari, hondakinen arazoaren konponbidearen lehen urratsa hauen sorreran eta bilketan eman behar delako. Era berean, balorean jarri nahi dugu aurreko legealdian martxan jarri ziren hondakin mahaietan parte hartu zuten herritarren, herri eragileen, teknikarien eta ordezkarien lana. Foro hauetan eman ziren eztabaida sakon eta adostasun puntuetan nagusiki oinarritua dagoelako hondakin bilketa berriaren inguruan lortutako akordio zabala.

 

Aipatutako funtsezko lau oinarri hauetan, gizarte zerbitzuak, enplegu duina, euskara eta hondakinen bilketan, arduraz emandako negoziazioen ondoren adostasunak lortu ditugu EAJ-rekin, herritarrei ahal diren aurrekontu egokienak eskaintzeko. Hortaz koherentziaz jokatuz, abenduaren 15eko Udal Elkarte Batzarrean,  Euskal Herria Bilduk baiezko bozka eman die 2.017ko aurrekontuei.