EH Bilduk alkatearen jarrera arduragabea plazaratu nahi du

Alkateak dekretuz sinatutako 42 ordainketa irregularrei udaleko kontuhartzaileak erreparo oharkizuna jarri die.

Udaleko kontuhartzaileak 42 kontratu eta fakturei erreparo oharkizuna egin die, hau da, Alkateak, dekretu bitartez, ordainketa irregular batzuk egiten ari dela ohartarazi du.

EH Bildu Udal Taldeak, egoera larrian dauden lau kontratu zehatzen inguruan txostenak eskatu dizkie kontratazio arduradun, kontuhartzaile eta udal idazkariari. Hain zuzen, TAO, Etxez-Etxeko laguntza, Haurtzaindegiko jangela eta Udal eraikinen garbiketaren kontratuen txostenak. Kontratu hauek amaituta daude une honetan eta luzapen desegokiak ematen ari dira plegu berriak landu eta esleipena egiten den bitartean.

Kontratu hauen egoera irregularrari irtenbide azkarra eman beharra dago, denboran luzatu gabe, eta hori da hain zuzen EH Bilduk Alkateari eskatzen diona, nahiz eta udalaren eguneroko kudeaketan horrelako egoerak eman daitezkeela ulertzen dugun, erantzun eta konponbide azkarra eman behar da honelako kasuetan, denboran luzatu gabe TAO eta beste kontratu batzuetan gertatzen ari den bezala.

Gogora ekarri nahiko genuke, aurreko legealdian horrelako egoera bat gertatu zenean, gaur egun agintean dauden alderdiek, EAJ eta PSE-EEk izandako jarrera arduragabea. Hemerotekara edo Udalbatzarreko aktetara joan besterik ez dago, gaur egun hainbat kontratuekin gertatzen ari den moduan, orduko kontratu bat luzatu behar izan zenean zerbitzua herritarrei ematen jarraitu ahal izateko izan zuten jarrera bortitza, alderdikoia eta elektoralista.

Besteak beste, gaur egun 42 erreparo oharkizunetan Udal Gobernuari gertatzen ari zaiona honela kritikatu zuten oposiziotik aurreko legealdian gertatutako kasu batean:

“Erabaki oso larria” , “legea urratu izana”, “kudeaketa arduragabe, axolagabe eta inposatzailearen adibide”, “desgobierno” “gobernu taldea eta alkatea dira legeak eta ordenantzak betearazteko arduradun nagusiak. Nolako zilegitasuna du zarauztarrak zigortzeko eta haiei isunak jartzeko legea bera komeni zaionean urratzen duen gobernu batek?”

Kritika guzti hauen ondorio bezala erabaki hura Epaitegietara eraman zuten “legearen arabera hartu beharreko erabakiak har ditzaten”. Zer esanik ez dago EAJ eta PSE-EEk izandako jarrera hau arduragabekerian, alderdikerian eta elektoralismoan oinarritua zegoela, hala erakutsi baizigun 2015eko udal hauteskundeak igaro ondoren, Epaitegian sartutako salaketa, salatzaileek (EAJ-PSE) erretiratu zutenean. Hain larria zen gai bat izanik, prebarikazioa ukitu zezakeen gai bat izanik, zergatik hauteskundeak irabazi ondoren salaketa kendu zuten? Difamatu eta helburu elektoralak lortu ondoren, salaketaren helburua betetzat eman al zen?

Aurretik esan dugun moduan 42 irregulartasun hauei irtenbide egoki eta azkar bat eman behar zaie, beti ere gardentasun guztiarekin landuak izan behar direlarik, udaleko gainontzeko alderdiei behar den informazioa zabalduz.

EAJ eta PSE-EEk egoera berdinaren beste hainbat kasuetan izan zuen jarrera orain isiltasunean bihurtu izana salatu nahi du EH Bilduk prentsa ohar honen bitartez. Gure jarrera bai gobernuan eta bai oposizioan kontsekuentea izaten jarraituko duela, eta orain arte egin bezala, herritarren interesa gure alderdi interesen aurretik egongo dela aldarrikatu nahi dugu, ongi ezagutzen dugulako zer den arduraz gobernatzea eta lanean ari garelako zarauztarrei behar duten gobernu egokiena eskaintzeko.