"Los 40 summer live"

Los 40 Summer jaialdia (Amaia Urbieta Arruti).

"Los 40 summer live" kontzertuaren inguruan bere iritzia ematen duen idatzia argitaratu du Zarauzko EHBilduko Udal Taldeak.

Zarauzko EHBilduko Udal Taldeak, uztailaren 30n Zarautzen izan zen “Los 40 summer live” kontzertuaren harira sortutako eztabaidaren inguruan gure iritzia eman nahi dugu.

Lehenik, hainbat herritar eta elkartek sinatutako “Los 40 summer live” bortxaketaren kultura hauspotzen” idatziarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu.

Idatziak dioen bezala, jaialdi horretako eredua, hizkuntzaren erabilera, hondakinen trataera eta beste hainbat gai oso diskutigarriak iruditzen zaizkigu. Baina gainera, eta batez ere, hainbeste nerabe zegoen kontzertu bateko oholtza gainetik emandako emakumeen kontrako mezu iraingarriek kezkatzen gaituzte. Izan ere, kontzertu horretan indarkeria matxista eta bortxaketaren kultura sustatzen zuten hitzak zabaldu ziren, emakumeen aurkako indarkeria modu publiko batean azalduz.

Ekitaldi hau udalak antolatu eta diru publikoarekin ordaindua izatea larria dela deritzogu. Parekidetasun ordenantza, herrian aplikatuko den berdintasunerako politikaren oinarriak finkatzen dituen araudia, lanketa sakon baten eta alderdi politiko guztien babesa izan zuen emaitza da, eta udala da ordenantza horiek bete eta bete arazi behar dituen lehen erakundea. Horregatik, gertatutakoaren ondorioz udalak neurri zuzentzaileak hartuko dituela espero dugu.

Bestalde, Zarauzko Udal Gobernuari hainbat herritar eta elkartek egindako eskaerari erantzunez azalpen publikoak emateko eskatzen diogu, udal barruko batzordean eman zituzten bezala.

Nerabeak eta haien hezkuntza bereziki zaindu behar ditugu, eta hori ez da eskoletan lantzen diren programa edo proiektuen bitartez soilik egiten. Azken hauek ere beharrezkoak diren arren, argia da Kontzertu horretan zeuden gazte eta nerabeen erreferenteak ez direla ez guraso eta ez irakasleak, eta egoera formaletan baino informaletan gertatutakoek gehiago eragiten dietela. Horregatik, ezin ditugu inolaz ere eredu matxista eta sexistak bultzatu gure gazteen artean, eta horretarako erakunde publikoek  badugu gure erantzukizuna.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Zarauzko Udal-ordenantzaren sarreran dioen bezala, “egia da badirela arau eta lege ugari berdintasun beharrari  erantzuteko, baina orobat da egia oztopo gogorrak daudela oraindik alde guztietan gizon eta emakumeentzat bidezkoa eta berdinzalea izango den gizarte bat eraikitzeko behar diren aldaketak egiteko”.

Egoera honek gogoeta sakon bat egiteko aukera ireki digula uste dugu. Gizon eta emakumeentzat bidezko eta berdinzalea izango den gizarte hori eraikitzeko asko dago hausnartzeko eta lantzeko, eta guk, Zarauzko EHBilduko  Udal Taldeak, gure prestutasuna adierazi nahi dugu gaia landuko duen eta denon parte hartzea izango duen prozesuko kide izateko. Hori da aurrera egiteko bidea.