Xabier Txurruka alkatearen manipulazioak eta jauntxokeriak salatu ditu EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia

Alkatearen jarrerarekin kezkatuta agertu da EH Bildu, bai formen aldetik baina baita udaleko arauak ere ez dituelako errespetatzen

Azken plenoan eta sare sozialetan Xabier Txurruka alkateak adierazpen onartezinak egin dituela salatu du EH Bilduk, “modu iraingarrian eta informazioa manipulatuz”. Izan ere, zenbait gaietan iritzi ezberdina azaltzen duten bakoitzean akusazio larriak entzun behar izaten dituztela salatu du EH Bilduk: “zikin eta zakar jokatzea, iruzur egitea eta gauzak argi ez esatea leporatzen zaigu”.

Bitartean, alkateak iradoki du Talaimendiko eraikintzarrari EH Bilduk eman ziola lehenengo ur baimena, “garbi dakienean hori ez zela horrela izan”. “2015eko maiatzaren 13an Hirigintza sailetik Foru Aldundiari eta Aiako Udalari eraikin berriari buruzko txostenak eskatu genizkien, gure eta hainbat herritarren kezka adieraziz. Hurrengo egunean, Herrilanetik dekretu proposamena sinatu zen, prozedurak hala eskatzen zuelako. Baina maiatzaren 25ean Foru Aldunditik eraikinaren aldekoa ez zen txostena jaso zuen Udalak, eta hori ikusita, ez zen dekretu definitiborik sinatu eta ur-hartunerik ez zen eman”, azaldu du Mikel Goenaga zinegotziak.

Udal hauteskundeen ondoren, EAJ-PSEren udal gobernu berriak berriz ere prozesu guztia martxan jarri zuela argitu du EH Bilduk, beste dekretu proposamen bat eta, kasu horretan bai, dekretu bat sinatuz, diputazioko kontrako txostenen berri izanda.

Jauntxokerizko erabakiak

Gainera, udalbatzari eta bere eskumenari muzin egin eta udala berea balitz bezala jokatzen duela ere salatu du EH Bilduk. “Lehengo asteko plenoan Salberdineko udal partzeletan dagoeneko martxan dauden  zenbait lanen onarpena bozkatzera eraman zuen, udal arauek alkateari behartzen dioten prozedura jarraitu gabe”. Gertatzen ari zenaren larritasuna ikusirik udalbatzarrean birritan azalpenak eskatuta alkateak erantzunik eman ez zuenez, EH Bilduk idatziz galdetu behar izan du ea udal jabetzako eremuetako lanak ofizialki noiz hasi ziren eta nork baimendu dituen.

 

EH Bilduk Salberdineko proiektuak ahalik eta azkarren aurrera egitea nahi duela esan du Muruak, “baina gauzak ondo eginez, jauntxokeriarik gabe”.