Mugikortasun Plana berandu eta presaka landu da, eta ez die erantzuten zarauztarren beharrei

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2022ko ira. 16a, 13:00
(EH Bildu)

Zarauzko Udaleko Herritarren Informazio Batzordean ostegun honetan izan da eztabaidagai Zarauzko Mugikortasun Plana, legez 2021eko martxorako onartuta egon beharko lukeen arren. EH Bilduk adierazi duenez, ez du bat egiten ez planaren edukiarekin ez plana lantzeko moduarekin ere: “Atzerapausoa da, autoentzat pentsatutako mugikortasun plana baita”.

EH Bilduk ez du inolaz ere bat egiten ostegun honetan Herritarren Informazio Batzordean eztabaidatu den Zarauzko Mugikortasun Plan berriarekin. Besteak beste, Zarautzen errotuta dagoen bizikletan ibiltzeko kultura are gehiago sendotzeko proposamenik ez dagoelako. Zarauzko EH Bilduko zinegotziek argi adierazi dute: “Autoei begira bakarrik egindako mugikortasun plana dirudi. Edukian argi ikusten da, baina are nabarmenagoa da orrialde kopuruan: autoek 32 orrialde dituzte, eta bizikletek bakarra.

Mikel Goenaga EH Bilduko zinegotziaren hitzetan, “diagnostikoa egiterakoan, ez dira zenbakiak kontuan hartu. Ez da kontajerik egin, eta zehaztapen falta handia da”. EH Bildurentzat, horrelako plan batek askoz modu zehatzagoan eta serioagoan landu behar ditu kontuak, balizko hipotesietan oinarritu beharrean.  

Esaterako, “ziurtzat eta ontzat ematen dira hainbat kontu, noizbait horrela izango diren ere ez dakigun arren: trena lurperatzea, zirkunbalazioa edota Salberdingo aparkalekua. Azken honi buruzkoak, esaterako, oraindik ez dira udal batzordeetan eztabaidatu. Ezta udal osoko bilkuran erabaki ere. Planean ageri da, ordea, Zarauzko trafikoan eta mugikortasunean izan ditzakeen ondorioak hausnartu gabe eta kontuan hartu gabe, Salberdingo etxe berriekin gertatzen den bezala.      

Lantzeko modua, okerrago ezin  

Zarauzko EH Bilduk gogorarazi duenez, gainera, erabaki okerren eta gauzak egiteko modu aldrebesaren bilduma izan da plan honen kudeaketa. Legez planak 2021eko martxorako onartuta egon beharko lukeen arren, plana lantzeko eta idazteko ardura iazko abenduan esleitu zion Zarauzko Udalak Ingartek enpresari, lehiaketarik gabeko kontratazio zuzenak onartzen duen kopuru handiena ordainduta: 17.908 euro. Zarauzko Udalak orduan jakinarazi zuenez, “prozesuak gutxi gorabehera 4 hilabete iraungo du, herritarrekin partekatu eta osoko bilkuran onartu aurretik.  

Ordudanik, ordea, beste hamar hilabete igaro dira, eta plana herritarrei ezagutarazteko eta ekarpenak jasotzeko epeak benetan iraingarriak izan dira EH Bildurentzat: “Zarautz Aste Nagusiko egunetan eta ekitaldietan murgilduta zegoenean jarri zuen udalak plana herritarren eskura, abuztuaren 17an, eta aurkezpen bilera hurrengo asterako deitu zuen. Ekarpenak egiteko epea, berriz, egun apur batzuk geroago amaitu zen, irailaren 2an. Udalak berak hedabideetan adierazi zuen bazekiela abuztua ez zela hilabeterik onena plaza ezagutzera emateko, baina Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren balizko dirulaguntza bat jasotzeko ezinbestekoa zuela plana ahalik eta lasterren onartzea, beranduenera irailean. EH Bilduk adierazi duenez, “dirulaguntza helduko den ez dakigu, baina deialdira aurkeztu ahal izateko dena korrika eta presaka egin du Udal Gobernuak.  

EH Bildurentzat, beste behin ere, aurreikuspenik eza eta erabaki garrantzitsuak herritarren bizkar hartzeko modua islatzen du gai honek. “Forma aldetik, gauzak ezin dira okerrago egin, batez ere herritarren eta eragile guztien ekarpenak kontuan hartu beharko lituzkeen horrelako plan garrantzitsu batean. Hasieratik, gainera. Legez behar zuena baino beranduago dator plana. Presaka egin da eta, gainera, gaizki. Diagnostikoa egiteko, esaterako, ez dira ez herritarrak ez Zarauzko Udaleko beste departamentuak kontuan hartu”.  

Goenagak jakinarazi duenez, “abuztuaren amaieran eta presaka bada ere, azkenean, herritarren 30 alegazio izan ditu Mugikortasun Planak. Horrek ederki erakusten du gaiak zer-nolako garrantzia duen zarauztarrentzat. Hala ere, horietako bakarra onartzea proposatu du batzordeak, eta beste guztiak ez dituzte aintzat hartu”.