Karabela portugaldarra

Erabiltzailearen aurpegia Felix Zubia 2023ko uzt. 25a, 11:41
Karabela portugaldar bat hondarretan. (Pixabay)

Felix Zubiak honako iritzi artikulua idatzi du hedabide honentzat aurtengo udan inguruko hondartzetan agertzen ari diren karabela portugaldarrez.

Aurtengo udaran gure kostaldean ugaritu direnez, izaki honi buruz idaztera nator, kontuan hartu beharreko hainbat gairekin.

Marmoken taldean sartzen badugu ere, karabela portugaldarra ez da berez marmoka bat, egitura konplexuagoa duen izakia baizik. Biologoek hidroideen bilduma bat dela diote, eta funtzio espezialdua duten zatiak ditu: urgainean doan zatia, digestio hodi bat, bere garro edo ehiza sistema, eta bere ugalketa zatia. Korronte edo haizeak mugiturik, urgainean joan ohi da, eta inguruan zerbait atzematen badu, bere garroen bidez bildu, pozoina askatu, harrapatu eta jateko gauza da. Bere pozoinak erredura eragiten du, eta arrain txikien nerbioak geldiarazteko gauza da.

Duela 29 urte hasi nintzen Gurutze Gorrian boluntario, eta gure hondartzetan marmoka eta karabela portugaldarren helduak ikustea egokitu zait. Ohiko marmoken helduek oso gutxitan izaten dute garroa itsatsirik, eta alergia txiki bat eragiten dute. Karabelek, aldiz, askotan uzten dute garroaren zati bat, erredura handiagoa eragiten dute, eta larruazaleko erredurak eta minak asteak iraun ditzake. Karabela baten heldua ikusten badugu, eskularruak jantzita jardungo dugu, gure babeserako. Garroaren zati bat bada, kendu egingo dugu, eta heldutako eremua ur gaziz garbituko dugu, ez geza erabilita, ur gezak pozoina indartzen duelako. Behin garbituta, hotza jartzea gomendatzen da, eta ohiko marmoken helduetan erabiltzen diren kortikoide eta antzerako antiinflamatorioek ez dute eragin handirik izaten. Horien ordez, badira pozoinaren eragina murriztu dezaketen botikak, lidokaina edo bikarbonatoa, esaterako. Heldua izan dugun eremua zaindu beharra dago, eta 48 orduan handitua jaisten ez bada, medikuarengana joan.

Bere helduak arriskutsuagoak direla ikusita, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak protokoloa eguneratu du. Hondartza batean karabelak ageri badira, kontuz jarduteko bandera horia eta marmoken bandera jarriko dira. Eremu batean bi pertsonek baino gehiagok jasaten badute heldua, eremua itxiko da denbora batez, kaltetu gehiago izan ez daitezen, eta karabela gehiago badiren aztertu. Karabela gehiago ageri ez badira, bainua zabalduko da ordu batzuetara, beti ere zaintza mantenduz.

Karabelen kontu hau ez da berria. Gure aitak zioen, bera gaztetxo zela, Zumaian agertu zirela (kostalde guztian izango zirela pentsatzekoa da), eta orduan gertatzen ari zen Koreako gerrari egotzi ziotela errua. Orduztik, tarteka-tarteka agertu izan dira, zenbaitetan banaka batzuk, edo aurtengo moduan, kopuru handiagoan. Biologoek hobeto azalduko diguten arren, bere ugaltzea jaten dituzten abereen murrizteak eta ura berotzeak errazten du. Geroz eta sarriago ikusten baditugu, ingurumenari kalte egiten ari garenaren seinale izango da.