Analisia: Bada pozik egoteko arrazoirik

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 14a, 10:00

Egun denak ez dira berdin. Larunbatean zoriona dastatu zuten eskualdeko traineruek. Igandean, aldiz, zoriak, estropada eremuak, kaleak edota itsasoak hala baldintzatuta, ez ziren hain fin ibili. Edo sinpleki, aurkariak hobeto aritu ziren.

Lautik hiru garaipen daramatza Oriok. Brankaz hegan doaz, baina larunbatean, poparean, zertxobait gehiago estutu zuen Arraun Lagunakek. Ez zen aski izan, baina. Traineruen arteko denbora tarteak nahiko egonkorturik zeuden ordurako.

Zierbenan ere denborek nahiko egonkorturik ziruditen, bueltako luzera arte. Donostiarrak lehen kaleko olatu garbiagoak aprobetxatu, estropada irauli eta, lau segundo azpitik egotetik, bi aurretik egotera pasatu zen 300 metro eskasean.

Hala ere, gustura egoteko motiboak badituzte oriotarrek. Maila bikaina ematen ari dira, lidertzan, eta bigarren eginda ere, sentsazio onak uzten dituzte. Nola ari diren, gainera: harrobitik tiraka. Amaia Arregik, aurten arraunera itzuli eta estreinako bandera irabazi zuen Donostian, laugarren tostatik joanda.

 
Harrobia zaintzeak zer duen. Dirua helduleku ia bakar duenak jai du arraunean: ikus Astillero KAE1ean hondoa jota, ikus Portugalete, ikus Castro. Orioren harrobiko lana aski ezaguna da, baina begira dezagun ingurura, eskualdera. Begira Zarautz, TKEra igo eta herriko gazteekin lehiatzen jarraitzen du; begira Getaria, kuadrilla osoa getariarra izanda, larunbatean hirugarren egin zuen, oilar handiren bat atzean utzita; eta begira Zumaia, herriko eta inguruko gazteekin osatutako bi traineru uretan izan eta urtez urte maila dotorea ematen ari da. Emaitzez harago, bada pozik egoteko motiborik.