Analisia: Txapelketa arrotz eta zentzugabea

Astero bezala, hona hemen Gorka Peñagarikano Goikoetxeak Urola Kostako HITZA egunkarirako eginiko asteburuko arraun jardunaldien analisia.

Urteroko geldialdia izan dute asteburu honetan arraunlariek, pilak kargatzeko eta azken txanpari behar bezala ekiteko. San Inazio egunez Euskadiko Txapelketa jokatu zen Lekeitioko uretan: zarauztarrak disfrutatzera irten ziren, aldaketak eginda, eta bandera eskuratzera baino, Ondarroarekin lehiatzera; Orioko bi ontziak irabazteko asmoz uretaratu ziren, baina batagatik edo besteagatik, Donostiarra eta Zierbena gailendu ziren itsasoko estropadan. Etxera itzuli eta lehiaketarik gabeko asteburua pasa ahal izan zuten Orioko emakumezkoek zein Zarauzko gizonezkoek; Salsamendiren taldea, berriz, Kantabria aldean ibili da asteburuan, etxetik urrun. Badira ia 30 urte Euskal Herrian ez dela jokatzen Espainiako Txapelketa.

“Zer nezesidade denboraldiaren erdira iritsi eta hiru egunetan hiru estropada jokatzeko?”, komentatzen zidan lagun batek aurrekoan. Ea zerbaitetarako balio duen, alegia, palmaresaz eta Espainiako txapelduna izatearen “ohoreaz” gain. Sari ekonomikoak begiratzeari ekin nion orduan: 2.600 euro traineru irabazlearentzat. Alegia, 20 arraunlariz osatutako koadrilarentzat, 130na euro. Diru-banaketa horretan sartu prestatzailea eta talde tekniko guztia, eta asteburua Kantabrian pasatzearen gastu ekonomikoa, garraioa eta estantzia. Eta lagunak aipatzen zidan bezala, ez dela gutxi, hiru egunetan hiru estropada jokatzearen nekea.

Zazpi traineruk hartu zuten parte Pedreñan jokatu zen Espainiako Txapelketan; guztiak gizonezkoak: KAE2ko AN Castro, KAE1eko Pedreña eta Camargo, eta Eusko Label Ligako Zierbena, Urdaibai, Santurtzi eta Orio. Etxean geratzea erabaki zuten gainontzeko traineruek. Espainiako Txapelketak aspaldi utzi zion Espainiako Estatuko onenek jokatzearen esentzia edukitzeari: Galiziako bi onenak ez ziren joan, ezta astuariarrak ere. Idealki, hala behar zukeen izan, erkidego bakoitzetik bina. “Onenak”, alegia.

Ligan ez bezala, propioen kupoa bete behar ez zenez, Zierbena gailendu zen sakonera gutxiko eremuan. Pozarren azaldu ziren kamera aurrean. Guztiz bestelako aurpegia zen oriotarrena; entzun besterik ez zeuden Aranberri eta Esnaolaren adierazpenak. Laugarren kaletik egin zuten arraun mirotzek, eta guztiz baldintzatu zieten han-hemenka eta aurrera eta atzera ibili ziren kanoa eta yateek. Errespetu gutxi arlote horien partetik. Hala ere, estropada bikaina egin zuten oriotarrek; ez ziren Zierbenarengandik urrun ibili. Arrazoi osoz, haserre itzuli ziren Kantabriatik, eta hiru egunetako nekearekin.