Aner Peritz, Geruzak proiektuko protagonisten artean

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2022ko urr. 6a, 14:00

Sei gai ezberdini buruzko dokumentalak jasotzen ditu Geruzak webguneak, eta horien inguruan hainbat gaztek dituzten kezka, iritzi eta ikuspuntuak plazaratzen dira.

"Gazteen kezka eta galderetatik abiatuta gogoeta pizteko webgunea" aurkeztu dute Elkar-rek eta Jakin-ek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren babesarekin: Geruzak. Pentsamendu kritikorako espazio bat zabaltzen du webguneak, eta gazteak dira proiektuaren jomuga eta abiapuntu.

Sei dokumental biltzen ditu Geruzak webguneak, bakoitza gai konkretu bati buruz: Desira, Sormena, Askatasuna, Boterea, Ondo Bizitzea eta Taldetasuna. Dokumentalaz gain, auzi bakoitzak kaiera tematiko propioa eta kultur diziplina ezberdinetako erreferentziak izango ditu, material osagarri gisa. Gainera, sortutako hausnarketarako espazioak "euskaratik pasarazi" ditu gazteen kezka eta interesak, eta euskarari esparru hori ematea ere bada proiektuaren xedea.

Dokumental horietako protagonistak "Euskal Herriko leku eta errealitate soziolinguistiko, kultural eta politiko desberdinetako" gazteak dira, elkarren artean gaiaz hizketan; tartean da Aner Peritz zarauztarra ere. Honako hauek dira gainerako protagonistak: Begoña Garaikoetxea Diaz, Andrei Fuchs Anev, Ilargi Manterola Aranburu, Maialen Arteaga Gonzalez, Netsanet Iriart Xarriton, Aimar Jusue Rosano, Iruri Altzerreka Martinez, Lide Crespo Zuazua eta Unai Rivera Martinez.