Paul Beitia izan da 'BaDA!bil' bideopodcasteko azken protagonistetako bat

Olaia Inziarte eta Xalba Ramirez musikariekin aritu da solasean kulturgile zarauztarra artistaren arduraz, koherentziaz eta erantzukizunaz.

Gaur zabalduko ditu ateak 58. Durangoko Azokak, eta, honen atariko egin duten BaDA!bil bideopodcastak Paul Beitia kulturgile zarauztarra izan du parte hartzaile saioaren azken atalean. Duen eskarmentuagatik gonbidatu dute; izan ere, Ekida arte ekimen sozialistako kide da, gaur egun, eta, Itu Banda literatur taldean eta Errime musika taldean ere aritu zen aurrez.

Beitiarekin batera, Olaia Inziarte Oronozko musikaria eta Xalba Ramirez Donostiako musikaria eta kazetaria aritu dira beren hausnarketak plazaratzen Amets Arangurenen gidaritzapean. Zehazki, artistaren arduraz, koherentziaz eta erantzukizunaz jardun dute hiru protagonistek. Esaten denaren eta egiten denaren artean dagoen aldeaz, funtsean. Halaxe deitu dute, hain justu, bosgarren atala: Artistaren konpromisoaz, esan vs. egin.

Hirudamatxo ekoiztetxea da BaDA!bil bideopodcastaren sortzailea eta EITB Podkast plataformarako egin du Durangoko Azokarekin elkarlanean. Guztira bost atal egin dituzte eta sortzaile gazteek euskal kulturari egiten dioten ekarpena erreparatu nahi izan diote, batik bat. Azaroaren 24an eskaini zuten lehenengo atala, eta, denak daude entzungai aipatu plataforman, baita ikusgai ere, EITBren YouTubeko kanalean.