Ander Aginagak eta Iosu Arrillagak hartuko dute parte 'Sukaldarien Liga' telesaioan

'Sukaldarien Liga' saioko aurkezlea, epaimahaikideak eta lehiakideak. (EITB)

Euskal Telebistako sukaldaritzako lehiaketan 50 sukaldari lehiatuko dira, eta horien artean aipatu bi zarauztar izango dira. Saioa datorren astean hasiko da, hilaren 16an.

ETB1ek Sukaldarien Liga izeneko sukaldaritzako talent showa estreinatuko du urtarrilaren 16an. Ainhoa Etxebarriak aurkeztuko du, eta, guztira, 50 sukaldari profesional zein amateur lehiatuko dira hamar astez, Euskal Herriko sukaldari onenaren titulua eskuratzeko. Horien artean, bi zarauztarrek hartuko dute parte: Ander Aginaga eta Iosu Arrillaga.

Finantza aholkularia da Ander Aginaga. Gustuko du lehia, eta motibatu egiten du sukaldari profesionalen aurka aritzeak. Hemezortzi urterekin hasi zen kozinatzen elkarte gastronomikoan, eta goi-mailako sukaldaritza ikastaroa egina du. Gaztetan mendira joan zen bizitzera Iosu Arrillaga, eta hor hasi zen kozinatzen. Garai batean dieta begetarianoa egitea erabaki zuen eta sukaldaritza mota horretan dago espezializatu. Gaur egun, zahar egoitza bateko sukaldaria da.

Gastronomian aditua den epaimahaia izango du lehiaketak, parte hartzaileek prestatutako platerak baloratzeko: Javi Rivero, 2023ko sukaldari berririk onena eta Tolosako Ama jatetxearen jabea eta sukaldaria; Maider Larrañaga, Arrasateko Arteaga jatetxearen jabea eta sommelierra; eta Aitzol Zugasti, Basque Culinary Centerreko formatzailea eta AZko aholkulari gastronomikoa.

Hamar aste iraungo du norgehiagokak, eta epe horretan momentu hunkigarriak, tentsio uneak eta sorpresa ugari izango dira. Baina sukaldari bakarrak lortuko du garaipena, eta harentzat izango da 25.000 euroko saria.