Antigoaleko hiztegia

Gatz

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2018ko api. 12a, 12:01
(Argazkia: Marion C. HaåŸold)

Hitzaren esanahiak ezagutzeko, egin klik izenean

gatz. iz. 1) Janariak prestatzeko eta ontzeko erabiltzen den substantzia ezaguna, sodio kloruroa (NaCl).

2) Bizitasuna ematen duen gauza.

3) Hedaduraz, gauzak egiteko kemena edo fundamentua.

Janariak prestatzeko eta ontzeko erabiltzen da gatza, eta, hortik, bizitasuna ematen duen gauzei horren "gatza" dela esatea (esaterako: "halako" festako piperra eta gatza izan zen). Horrez gain, Eliza Katolikoan bataioak egitean haurrari gatza ematen zaio dastatzeko eta ura bataiatzeko. Herri-jakintzak beti pentsatu izan du bataioko gatz hori dela pertsonaren moteltasuna edo bizitasuna dakarrena. Horregatik, esamolde ugari daude gatz horri buruzkoak: halako bataiatu zutenean Alicanten ere gatzik ez izan (Alicanteko Torreviejan egin ohi zen gatza); (inori) bataioan gatzik ez eman; eta pertsona arranke gutxikoa denean, esaten da gatzik gabekoa dela,  (norbaitek) ez gatz eta ez berakatz ez duela, edo ez gatz eta ez piper / ez ur eta ez gatz eta baita gatz gutxikoa izan (pertsona). Norbaitek ez bazuen inolako pulamenturik, esan ohi zen (horrek) gatza Gatzagan eta zentzuna Mariñen zeukak, eta, aldiz, arduratsua izanez gero, kementsua: gatza ondo emandakoa izan. Emakumeak etxeko ardurak hartzeari (ezkondu zelako, eta familia osatu) gatzaren ardura hartu deitzen zitzaion, edota (bere) eltzeari gatz ematen hasi, eta ardura hori ez zuenak oraindik ez zen bere eltzeari gatza botatzen hasi, gatzaren ardurarik ez zeukan. Gatza nahiko erraz urtzen da uretan, eta zerbaitek edo norbaitek emozionatzen gaituenean sentitzen duguna adierazteko erabiltzen da: gatza uretan bezala urtu / bihotza gatza urean bezala urtu. Jakiei gatza eman / gatza bota egitenzaie, eta suaren gainean gatzak zirt-zart egiten duenez, geldirik egoten ez denari esaten zaio: gatza su gainean baino gehiago ez haiz gelditzen!  Gatza aipatzen duten hainbat esaera zahar: 1) Bakoitzak bere opilari gatz. 2) Duenak eltzeari gatz, ez duenak ipurdiari hatz. 3) Etxean gatza ugari dagoela eta, ez dezazula bazkaria gehiegi gazitu. 4) Ez dira beren eltzeari gatza botatzen hasi. 5) Gatz isuria zail da batzen. 6) Gatza Alikanten eta zentzuna auzoan. 7) Gatza gatzontzian eta zentzua auzoan. 8) Hartzen duzunean gatzaren ardura, akordatuko zaizu gazte denbora. 9) Ikusiko du bere poltsikotik lapikoari gatza ematen hasten denean. 10) Porru eta gatz, bazkari latz.