Antigoaleko hiztegia

Morkots

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2018ko ira. 26a, 10:00
Hitzaren esanahiak ezagutzeko, egin klik izenean

morkots. 1) iz. Lakatza, barnean gaztainak dauzkan oskol arantzatsua.

morkots. 2) iz. Emakumearen genitalak; alua.

Zenbait lekutan lakatz deitzen zaio gaztainaren fruitu arantzatsuari, beste hainbatetan morkots, gaztaina-morkotsa. Norbaitek ohitura duenean zerbaiten baliagarria beretzat hartu eta gauza horri dagozkion nekeak edo zailtasunak besteri uztekoa, esaten da gaztaina jaso eta morkotsa bota egiten duela, eta, alderantziz, norbait saiatua denean oso, baina ez badaki probetxu ateratzen horretarako abagunea duenean, esan ohi zaio gaztaina bota eta morkotsarekin geratzen dela. Hitz-jolasak gaur baino ugariagoak omen ziren antigoalean. Jo dezagun umeen artean batek diola: Gezurra! eta besteak erantzun: Egia! Egia esaten zuenari honela erantzuten omen zitzaion: Egia? Sudurraren ondoan begia; haren ondoan kopeta, iduri duela Frantziako tronpeta; begiaren ondoan sudurra, iduri duela kriseilu-muturra; sudurraren ondoan kokotsa, iduri duela gaztaina-morkotsa. Pertsonen genitalak aipatzea tabua izan da urte luzez. Haiek lotsariak ziren eta lotsagarria zen beren izenez aipatzea. Hortik zakila eta alua izendatzeko mila modu egotea euskaraz. Horietako bat morkots hitza da, alua izandatzeko erabiltzen dena.