Antigoaleko hiztegia

Mozkor / hordi

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2019ko urt. 25a, 13:06

Hitzaren esanahiak ezagutzeko, egin klik izenean

mozkor. 1) iz. Egur zatia, batez ere zabala eta ez oso luzea denean.

mozkor. 2) adj. Maiz mozkorturik egoten dena; mozkorturik dagoena.

mozkor. 3) iz. Mozkorraldia, edan eta mozkortu ondoren pairatzen den egoera; mozkorra harrapatu edo antzeko esaldietan erabiltzen da.

hordi. 1) adj. Maiz horditurik egoten dena, mozkortzeko joera duen pertsona.

hordi. 2) iz. Mozkorturik dagoenaren egoera izendatzeko hitza.

Hizkuntza guztietan izan ohi dira hitz tabuak, saihesten direnak edo erabilera oso murriztua dutenak; baita hizkera dotoreak desegokitzat jotzen dituen hitzak ere. Horietako bat da hordi. Ahaztuta daukagun hitza bada ere, ematen du hori litzatekeela egokiena alkoholaren gehiegikerian erortzen dena izendatzeko. Ordez, mozkor hitza erabiltzen da maiz. Beharbada, mozkor hori, hasiera batean, egur zati bat (zabala eta motza) adierazteko erabili ohi zen, eta ondoren hartu zuen hordi hitzaren ordezkotza. Hala eta guztiz, mila era badira mozkor (hau ere hitz itsusia, agian) beste era batera (perifrasi baten bidez, eskuarki) adierazteko. Horrela, esaten da: ardoak burua nahasi dio, anaia berarekin darama, (ardotan) busti-busti eginda dabil, konpasa galduta dabil, ezpainak berotuta dago, ardotan zopatua dago, ardozko lixiba eginda, bete-bete eginda, total egindaMozkortu denak mandanga (ederra) harrapatu du, a zer perretxikoa harrapatu duen!, eperra harrapatu du, jornada ederra darama, zepelina harrapatu du, (ederra) kaka harrapatu du, (sekulako) melokotoia harrapatu du… Mozkortzeari esaten zaio: (kristoren) aitzurra harrapatu, bete-bete egin, bideak (edo kaleak) neurtzen ibili, kargamentu handia hartu, katua eraman (etxera), lepada eraman, (sekulako ) mokoilua harrapatu, muturra (pattarrarekin) ondo epeldu, ondo berdoztu, (ederki) berdinduta etorri, sudurra ondo gorrituta etorri (etxera), barrutik bustita (etorri), total eginda egon, edana egon, kargatuta egon, kaleak neurtuaz ibili… Hala eta guztiz, beti ez dira parafrasiak eta ezkutuko hizkerak erabiltzen norbait hordia dela adierazteko. Esaterako, esan daiteke: ardoa baino mozkorragoa da, (hori) ardo-zopak baino mozkorragoa da, bikea baino mozkorrago da, garrafoia baino mozkorrago da, mozkor gaiztoa da hori (mozkortzen denean gaiztoa edo burrukazalea jartzen dena), pattarra baino mozkortiagoa da, upela baino haundiagoko mozkorra harrapatu du, zahagia bera baino mozkorragoa da… Edale gaiztoari, edaten duenean mozkorraldi txarra izaten duenari, mozkor gaiztoari, edan txarrekoadeitzen zaio, eta mozkorraldiak eragindako lozorroan dagoenari azeria larrutzen ari dela. Norbait erabat mozkortia eta zurruteroa dela adierazteko, esan ohi da ardoaren truke andrearen gona salduko lukeela, edota galtzak ere salduko lituzkeela zurrutaren truke. Mozkortzeko bidearen erdia egin denean, norbait erdi mozkorturik dagoenean esan ohi da berdoztuta dagoela, muturrak epelduta, txoromorotuta. zerrepelduta, eta ijitoek erromintxela hitz egiten zutenean, matituta. Mozkorraren izaera eta mixeriak adierazteko hamaika esaera badaude euskaraz: 1) Alferra beti nekatua, mozkorra beti egarri. 2) Ardoaren mozkorra baino urarena txarrago. 3) Barda otso (Bart mozkor) nintzen, goizean egarri, non izan banintzen guzien barregarri. 4) Etxe bateko hiru kontrario handienak: kea, itutea (itoitia) eta andre mozkorra. 5) Gaur mozkor, bihar opor. 6) Gizon alfer eta hordia, bere eta besteen hondagarria. 7) Gizonak urtean bi aldiz mozkortu behar omen du, zer nolakoa den jakiteko. 8) Gorritiarrak, mozkorrak. 9) Hasiz gero neurtzen bidea, akabo da jendea. 10) Hordikeria, gizatasunaren lotsaria. 11) Igandeko mozkorra, asteleheneko oporra. 12) Mozkor gaiztoak badira, baina ez da gose onik. 12) Mozkorra beti egarri. 13) Mozkorra, gehienean egarriak, eta alferra, beti nekatua. 14) Mozkorraren etxean, zazpi bijilia astean. 15) Mozkorren batelean, sare ordez zahagiak. 16) Mozkorrik txarrena, edan gabeko mozkorra. 17) Mozkorrik txarrena, urarena; behin harrapatuz gero pasatzen ez dena. 18) Ole, Pilili; holan (horrela) ez ibili. Ole morena, mozkorra da txarrena. 19) Ukondoa luzatu eta mozkorra hartu, Patxi gurea tabernan ezin sartu. 20) Uzten ez baduk mozkorra, ipiniko hau sor-gorra.