Segizio / segizi

Ikusi hitzaren esanahiak

segizio. 1) iz. Ehorzketa batean hildakoari lagun egiten dion gizataldea.

segizio. 2) iz. Norbaiten jarraitzaileen multzoa.

segizi. 3) iz. Norbaiten hiletaren ondoren egiten den otordua.

Norbaiten heriotzak sortzen duen atsekabearen ageriko adierazpenari dolua deitzen zaio gaur egun, baina badira beste zenbait hitz oso lotura zuzena dutenak heriotza ondorengo doluarekin, eta, antigoalekoak izanik ere, ezagutzea komeni dena. Doluaren ordez atsekabe esaten da doluminak edo pesamea adieraztekoan: atsekabean laguntzen dizut. Doluaren ageriko adierazpenei, orokorrean, progu deitzen zaie. Progukoa egin da hildakoaren omenez egiten diren adierazpenetan parte hartzea. Beste era batera esanda, segizioa egin deitzen zaio ehorzketa batean parte hartzeari, hildakoari lagun egiten dion jende multzoa segizioa baita (orokorrean, norbaiti segitzen edo jarraitzen dion jendea). Horrez gain, Zarautz eta inguruetan behintzat, segizi deitzen zaio hiletak amaitu ondoren egiten den otorduari. Otordu horrek (Zarautzen seisiya edo antzeko zerbait ahoskatzen da) arina beharko luke, baina zenbaitetan jatea eta edatea behar baino gehiago luzatu ohi zen / da.