Erretxindu, erretxin, erretxina

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2020ko api. 9a, 18:06

Ikusi hitzen esanahiak

erretxin. 1) adj. Edozein huskeriagatik haserretzeko edo marmarka hasteko joera duena.

erretxina. 2) iz. Zenbait zuhaitz edo zuhaixkak jariatzen duten gai likatsua, horia edo arrea.

erretxindu. 3) ad. Erretxin bihurtu, edozein huskeriagatik haserretzeko edo marmarka hasteko joera eduki.

erretxindu. 4) ad. Erresumindu, haserretu.

Erretxindu da edozein huskeriagatik haserretzeko edo marmarka hasteko joera edukitzea, hau da, erretxin izatea edo bihurtzea. Erretxin deitzen zaio errieta egiteko edo marmarrean aritzeko joera duenari, dena oker ikusten duenari. Zahartzaroaren gaitza dela esan ohi da, zaharrok erretxindu egiten gara ohiz edo maiz. Hortik, ohikoa da/zen agure erretxin deitzea halako joera zuen gizonezko zahar bati, edota halako agure erretxin bihurtu dela esatea edo pentsatzea. Jenio txarreko edo umore txarreko, piper, erre, ipurterre eta haserrekor dira antzeko adjektiboak. Ez dago garbi erretxindu hitz hori erre aditzarekin edo erretxina izenarekin loturik dagoen, era eta mota askotakoak baitira esamoldeak; horrela, esaten da asun-salda baino erreago haiz! edo sua baino erreago haiz! baina baita ere erretxina baino erreago haiz! Zenbait landarek (pinuaren familiakoek, esaterako) jariatzen duten eta airearekin kontaktuan egotean solidotu edo loditu egiten den landare-izerdiari deitzen diogu erretxina; askotan, erretxinak sukoi bihurtzen ditu landare horiek: erraz hartzen dute su. Izaera suhar hori duenari, edota joera suminkorra duen pertsonari, esaten zaio erretxina baino suharragoa dela.