Nabar

Erabiltzailearen aurpegia

Ikusi hitzaren esanahiak

nabar. 1) adj. Kolore argi eta ilunen nahasteaz osatua, kolore askotakoa.

nabar. 2) adj. Orban ilunak edo arreak dituena.

nabar. 3) adj. Izaera edo alde asko dituena.

nabar. 4) iz. Goldearen hortza, lurra ebakitzen duena.

Kolore bat adierazteko erabiltzen da nabar hitza? Bai eta ez. Kolore bakar bat baino gehiago, kolore askotakoa, eta, batik bat, kolore argiak eta ilunak nahasian dituena adierazi nahi du. Esaterako, birigarroa kolore nabarrekoa da, lumetan argiune eta orban ilunagoak baititu. Alderdi horretatik, behi nabarra izango da orban zuriak eta gorriak dituena (gaur egun zuri eta marroiak esango genuke) edota orban zuriak eta beltzak. Nabarrak dira, baita ere, hainbat kolore dituen katua edo oiloa; lehoinabarrak eta katamotzak ere larruazal nabarrekoak dira. Ilunabarra deitzen zaio eguzkia joan eta ondorengo argi-gutxitzeari, bere kolore askotako uneak bitarteko. Hedaduraz, mota, izaera edo alde askotakoak diren gauza nahasiak adierazteko ere nabar hitza erabiltzen da zenbait testu-ingurutan: eginbide nabarreko lanbidea da liburu-argitaratzailearena, denetik pixka bat egin behar izaten da. Azkenik, goldearen atal bati deitzen zaio, baita ere, nabar edo golde-nabar. Antigoaleko goldeek (exa deituak) burdinazko hortz edo golde-kutxilla bakar bat izaten zuten, nabar deitua. Golde berriagoek lurra ebaki egiten duen golde-nabar horrez gain lurra iraultzeko beste atal bat izan ohi dute atzerago, baina beti lurra arrailtzen duen atala da nabarra. Begi koloreetan ere aipatzen da nabar, baina bitxia da ikustea antigoaleko adibideetan begi urdinak adierazteko erabiltzen zela begi nabar, eta orain, aldiz, gehiago ulertuko genukeela begi arreak dituena; koloreen erabilera euskaran asko aldatu da lehendik hona. Hori bai, begi nabar, begi zuri edo begi urdin deitu, kolore argiko begiak dituenari, beti fama bertsua du halakok: zuria eta faltsua dela, engainatzailea: ai, hire begi zuri engainatzaile horiek. Amaitzeko, norbaitek tranpazko tratua egin duenean (edo norbaiti ziria sartu diotenean tratu bat egiterakoan), behi nabarraren tratua egin duela esan ohi zaio.