Tranpa / tranpa-ohol, tranpol

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2020ko abe. 11a, 16:04

Ikusi hitzen esanahiak

tranpa, tranpa-zulo. 1) iz. Lurreko irekidura, beheko solairura errazago iristeko jartzen dena.

tranpa. 2) iz. Animaliak harrapatzeko lurrean egiten den zulo estalia.

tranpa. 3) iz. Animaliak ehizatzeko edo harrapatzeko egindako tresna, tramankulu edo artea.

tranpa. 3) iz. Engainua; iruzurra.

tranpa-ohol, tranpol. 1) iz. Tranpa-zuloa ixten duen ohol edo ate modukoa.

Tranpa-zulo, tranpa, tranpal edo tranpailu deitzen zaio solairuan (ganbaran edo sabai batean, batez ere) egiten den irekidura beheko solairura errazago iristeko, eta, batik bat, sabaian edo ganbara-zoruan egindako zuloari, ukuilura jaitsi gabe belarra tresabi-aurrera bota ahal izateko eginari. Modu berean, tranpa-zulo edo tranpa deitzen zaio gela edo solairu bateko sabaian egindako irekidura bati, handik goiko gelara edo solairura iristeko jartzen dena. Tranpa-zulo horiek arriskutsuak izan daitezke zenbaitetan eta ohiko da horiek itxi edo estaltzeko ohol edo ate moduko bat jartzea: tranpa-ohola edo tranpola deitzen zaio ohol horri. Aipatutako esanahi horiez gain, tranpa erabiltzen da beste hainbat gauza adierazteko. Horietatik ezagunena animaliak harrapatzeko erabiltzen diren zenbait tranpa ditugu, eta denetan ohikoena da zulo sakon bat egin animaliak igarotzeko ohitura duen bidean eta zuloa ondo-ondo estaltzea. Oinarrizko tranpa horrez gain, animaliak ehizatzeko beste tresna, tramankulu eta arte erabiltzen dira; denei deitzen zaie tranpa: sagu-tranpa, sator-tranpa, azeri-tranpa… Horrez gain, Zarautzen, baina bai inguruan eta baita Euskal Herriko Hegoaldeko leku askotan ere, tranpa esaten zaio iruzurrari, aspalditik gureganatutako gaztelaniazko trampa hitzetik.