Okasio

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2023ko uzt. 14a, 17:20

Ikusi hitzaren esanahiak

okasio. 1) iz. Aukera, egokiera, abagunea.

okasio. 2) iz. Aldi egokia, zerbait gertatzeko edo egiteko une egokia.

okasio. 3) iz. Haserrea, liskarra; sesioa.

Aukera, egokiera edo abagunea izan ohi da okasio hitzaren esanahi ohikoena. Horrela, esan ohi da: hau (edo beste hura) egiteko okasio ederra galdu zuen, adierazteko aukera edo egokiera ona galdu zuela zerbaitetarako. Horretarako okasio ona duzu, esan ohi da aukera egokia azpimarratzeko, eta norbaiti okasioa ematen zaio zerbaiterako aukera edo egokiera eskaintzen zaionean. Era bertsuan, zerbaiterako aldi egokia adierazteko ere erabiltzen da: orain duzu okasioa! Horrez gain, haserre, liskar edo sesioa adierazteko ere erabiltzen da gure artean. Okasioa jartzera etorri al haiz?, galdetzen zaio bakean daudenak zirikatzera etortzen denari. Horrela, okasio eta saltsetan ibiltzea iskanbilak sortzea edo liskarrean aritzea da, eta ideia bera, agian indar handiagoz, adierazteko erabiltzen da okasioa eta zikina ibili, edota okasioa eta zikina eta desditxa ibili. Zenbaitetan bi esanahiak (egokiera eta liskarra) adierazteko erabiltzen da, eta testuinguruak bakarrik argi dezake zein den: okasioa jarri / okasioak jarri esan daiteke baterako edo besterako, hau da, aukera eman edota iskanbila sortu. Piztu, sortu, hasi, ibili… aditzarekin erabiltzen ditugunean haserrea, liskarra, sesioa… izan ohi dugu adierazi nahi dena: okasioa piztu, okasioa sortu, okasioan hasi, okasioan ibili, okasiotan eta saltsetan ibili… Amaitzeko, okasiozkoak izaten dira egokieran dauden erosgaiak, merkealdian daudenak eta.