Golde

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2024ko urt. 7a, 19:31

Ikusi hitzaren esanahiak

golde. 1) iz. Lurra iraultzeko lanabes edo tresna, burdinazko pieza zorrotz bat edo gehiago dituena eta abereek edo traktore batek herrestan eramaten dutena.

golde, golde-lur. 2) iz. Garai bateko lur-neurria, idi-pare batek egun batean goldatzen zuen hedaduraren baliokidea.

Goldea da lurra lantzeko lanabes edo tresna, lurra ebakitzeko nabarra edo golde-nabarra izeneko burdinazko pieza zorrotza duena. Horrez gain izan ditzake pieza gehiago lurra iraultzen laguntzen dutenak. Goldeak egiten ditu ildo, goldatz edo taska deitzen diren lur-arrastoak, eta, gehienetan, lur-atalak erauzi eta iraultzen ditu aurrekoen gainera lerro luzeak osatuz. Goldatzeari, goldearekin lurra lantzeari goldaketa deitzen zaio, eta goldetzea edo goldaketan aritzea goldearekin lan egiteari. Lurra arrailtzen duen goldearen hortzari golde-nabar edo golde-pikoia deitzen zaio, eta goldeak lurrean egiten duen errenkadari, zuloari, arrastoari, golde-taska, golde-ildo edo goldatza. Lurra goldez lantzen ari den pertsonari goldelari deitzen zaio, eta golde modernoak iraultzen duten lur-atalari golde-zohia. Hitz hori (golde-zohi) erabil daiteke, baita ere, adjektibo gisa pertsona kaikua, ergela edo zokor-mazoa adierazteko. Baserritarra izan ondoren bizimodua hobeagotu duenari esan ohi zaio goldea luman trukatu duela (bulegoko lanak egiten dituena bada, batik bat), eta berritsua denari golde-muturra dela. Pertsona bat erabat mendikoa dela esateko, kaikua, esan ohi da golde-zohia baino kaikuagoa dela, eta alfer-korotza dela esateko, haren goldeari herdoilik ez zaiola inoiz joaten. Esaera zahar zenbait golde hitza dutela: 1) Atzera begira goldean ari denak taska okerra. 2) Goldearen amoreagatik pot (musu) nabarrari. 3) Gu hilda ere, idiak eizar (goldean) egingo dabe (dute). Tresnaz gain, golde hitzak lur-neurria ere adierazten du (garai batean, behintzat, hala erabiltzen zen). Golde bat lur, edo golde- lur bat idi-pare batek egun batean goldatzen zuen lur-eremu edo hedadura zen. Gutxi gorabeherako neurria zenez, zehazte aldera edo, une, herri edo eskualde bakoitzean hainbat metro koadrokoa izendatzen zen golde neurri horren ordez. Zarautz inguruan esan ohi zen hiru goldek hektarea bat osatzen zutela, beraz, 10.ooo /3  edo 3.333,33… metro koadro zituen golde batek inguru hauetan.