Surf

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2015ko urr. 22a, 16:33

Aspaldian uraren mistika edo adorazio moduko batean eroria nago. Ura da neretzat munduan den gauzarik onena. Beharbada amaren sabelean ere sentituko nuen hori, edo itsasora aurrenekoz eraman nindutenean (hizketan hasi baino lehenago, nik uste, edo hastearekin bateratsu), edo Malkortxoko presapeko ur mixteriozko haietan, baina konturatu, orain konturatu naiz.

Ni beti egon izan naiz, edo munduak berak jarri nau, gehiengoaren kontra, edo gehiengoaren gauzen kontra, baina urak adiskidetu egin nau gehiengoarekin. Gure gorputza eta mundua bera ura omen dira lautik hirutan, eta gehiengo absolutu horrexekin egiten dut nik bat. Ura ez da dena, baina bai gehiena izenarekin eman dut aurten hitzalditxo bat Bilbon (inderneten ikus liteke).

Uste dut ur hotz bizia zela gizaki eria sendatzen zuena, belar-jakintza baino lehenagotik, eta gaurko farmapozoia baino askoz lenenagotik; gero etorri ziren edari erreen aurretik, uste dut ur huts bizia zela gizakia mozkortzen zuena. Bai: urrutitxo iritsi bide naiz urarekin urtzeko egarri honetan, baina beste batzuk ere bai: uraren memoria ikertzen dutenentzat, urarena da zinezko jakintza: urak berak dakiena, alegia.

Eta hala ere ez naiz urari begira bizi; ez naiz uraren ikusmirante hutsa. Nik, hemen ere, sarketa edo penetrazioa behar dut ia beti, eta uretan sentitu larru guztia. Malkortxo izorratu ziguten, eta hor gabiltza haren ordezko natul bat bilatu ezinik, baina itsasoa hor dago beti. Abendutik martxora bitarteko hilabeteetan ez naiz itsasoan sartzen, oraingoz behintzat, baina gainerako zortzi hilabeteetan hor nabil plisti-plastaka eta olatu on bat noiz harrapatuko. Txapapotearekin ikaratu ginen pixkat, baina pasa zen hura ere, baina beste txapapote bat daukagu haziz eta haziz etorri dena eta orduko hura baino kentzen mila bider zailagoa: surfa eta surfistak dauzkagu aspaldian traba beltz gaiztoan.

Surfismoaren eromen kolektiboa izugarri gaiztotu da ni itsasora hasi nintzenetik hona. Oraingo moduz lau gajo-gixaixo izango gara itsasoko uretan biluzik edo txaparro hutsean sartuko garenak. (Oraintxe bertan halaxe gara, bainatzeko sasoi ofiziala bukatu denetik).

Surfismoa ez dakit gaitza den, astigmatismoa bezala, edo ideologia edo sistema bat den, kapitalismoa bezala. Nik uste dut ideia txar bat dela, edo bihurtu dela, espansionista eta proselitista egin denetik eta itsasertz guztiaren jabe egin nahian hasi zenetik. Bai: surfismoa itsasertza lapurtzen ari zaigu. Udan beren sailetan kabiarazten dituzte pixkat, baina udatik kanpora dena berentzat da. Udan bertan, olatu onenak dauden tokiak berentzat dira, ez guretzat, eta hori da taula batekin dabiltzalako eta gu armarik gabe gabiltzalako; hori da uniforme batekin estalirik dabiltzalako, eta besteok jende biluzi edo erdi-biluzia garelako. Haiek dakite olatua zer den, eta ingelesezko hitz gardenetan dituzte sailkatuak, Aizarnazabalgo Wave Garden-ean sortzen den jakintza gardenean.

Surfismoak itsasertza eta olatuak kendu behar dizkigu, edo kendu dizkigu. Kaleak ere lehen jendearentzat ziren, baina autoa asmatu zutenetik espaloian etsitzen ikasi behar izan du oinezkoak. Eta surfismoak itsasoko oinezko bihurtu gaitu. Autodunak gehiengo hiper-absolutua dira, eta hauek ere martxa horixe daramate, eta ez kostako herrietan bakarrik: Gasteizen edo Iruñean ikusia nago ni jendea surfeko taula daramatela eta, bestalde, nolatan ez aitatu azpeitiarren surf txapelketak? Oindik eztitxiau danak ikusi, eztitugunez ikusi!

Aurtengo udaberrian uretan surfista neoprenatu batekin gurutzatu, eta ni larru librean ikuste hutsarekin hoztu egiten zela bota ez zidan ba! Emanber jende-modu honi ahaztu egin zaiola zer zen gorputza itsasoan eta itsasoa gorputzean sentitzea. Gorputza kondoituta sartzen dira uretara, eta halaxe behar duela irudituko zaie, eta orobat itsasoan egin litekeen gauza bakarra dela beren taula horiekin ostiyena jotzen ibiltzea modu ikusgarri eta erakusgarri batean.

Ez dakit zer egin litekeen izurri honen kontra, baina zaila dago oso. Surfismoak dirua mugituko du erruz, eta hargatik sentituko dira horren seguru eta horren harro. Honako urbesteratu honi fedea bakarrik gelditzen zaio, uraren memorian eta bihotzean daukadan uste ona. Eta hona nere erregua eta otoitza: etorriko ahal da olatutzar adimendun eta bihotzdun bat eta bidaliko ahal ditu izaki neoprenatu hauek denak Hawaiko puntaraino eta harutzago!

Eskatzea libre da, eta botata gelditzen da

nere eskea, erregua eta otoitza.