Plazaberduran ikasitako politika

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2015ko abe. 17a, 08:30

 

 

Orain berritzen ikusten dugun Azpeitiko plazaberdura hori munduko plazaberduretan itsusiena izana da. Lehen-lehenagoko polit hura bota beharra zegoen garaiko moda (eta diru-gose) «moderno-funtzionalaren» izenean, eta dezenteko zatartua hartu zuten gure herri hauek holaxe, orain 50en bat urte hasitako bidetik.

 

Itsusiak itsusi, han baserritarrei erositako jeneroarekin haziak izan gara, eta ondo haziak gainera, eta geroztik jakin dugu aberaskillo jendeak baino hobeto jandakoak garela gu, zeren haietako asko zeharo utziak baitzeuden plazaberdurako martxari, baserritarren eta kale-jende arruntaren mundutik bereizteagatik.

 

Verdury Hall deitzen zioten plazaberdurari herriko anglomodernoek, Azpeitian eta beste leku askotan, eta hauek ere beren erara expexialak sentitu beharra izango zuten, baina utz ditzagun laineza hauek, eta gatozen gaur bereziki inporta didan asuntora, eta da plazaberdurak gure heziera edo des-heziera politikoan zer leku izan zuen azaltzera.

 

Plazaberduran egiten ziren asanbleak ditut gogoan, eta nola azaltzen nintzen ni han, neure 13-14 urtetan, hogeitaka urteko zaharrek zer zioten aditzera. Asanbleak, grebak eta manifak eguneroko ogia ziren joan den mendeko 70eko hamarkada hartan, baina nik asanbleak nituen maiteenak, zeren nahi zuenak nahi zuena esaten baitzuen han, edo hala iruditzen zitzaidan behintzat neri. Asanblea haietan, dena dela, baziren elementu xelebre batzuk besteek ez bezala hitzegiten zutenak, eta haiek ziren «zerbaiten izenean» jarduten zutenak: beren partiduaren izenean hitzegiten zuten, eta nik ez nuen ulertzen zer egiten zuten han. Zaharragoko batek esanda jakin nuen haiek aurretik beren txokoan «estrategia» eta «jarrera» finkatzen zituztela eta hola, baina nik hari ez nion zentzurik ikusten, eta ez diot egundo ikusi. Uste dut orduantxe hartu niela betiko nazka partiduei eta beren atzean omen zeuden «ideologiei». Haiek ere beren erara moderno-funtzionalak izan nahiko zuten, eta expexialak zirela sentitu, eta jende arruntaren gainetik jarri, aberaskilloen moduan: oroitu besterik ez dago nola esan ohi zuten «masak» jendeaz edo herriaz jarduterakoan.

 

Partiduak asko ziren orduan, orain baino askoz gehiago, eta partiduetako jende asko nonbait seminarioan edo konbentuetan egondakoak ziren lehenago, eta batzuk pasionistak izan ziren, edo frantziskotarrak, edo karmeldarrak eta hola, eta gero erlijioa utzi eta politikan amildu zirenean eskema berberak errepikatu zituztela dirudi, eta orduan batzuk ziren super-abertzaleak, eta beste batzuk super-iraultzaileak, eta beste batzuk super-denabatera, eta iraultzaileen artean batzuk ziren trotskistak, edo maoistak, eta horien barruan ere baziren beste bi edo hiru klase, eta holaxe, akaberarik gabeko zeingehiagokan eta norguaiagokan. (Ixtori horiek bukatu zirenean, musika anglomodernoaren barruko estilo, joera edo itxura desberdinen saltsak ordezkatu zuen lehengo folklore politiko-erlijiozkoa.)

 

Partiduen atzetik ideiak zeudela esan dugu, eta nik ez nekien batek ze krixtotarako behar zuen ideologia bat, baina noizbait jakin nuen «marxismoa» izeneko dotrina bat zegoela puri-purian, eta jakin-min pixkat sortu zidan, eta halako batean erori zen nere eskuetan orduko iraultzaile gazteak dotrinatzeko erabiltzen zen liburua: Marta Harnecker-en Los conceptos elementales del materialismo histórico, eta… zer zen hura?: lana, produkzioa eta holakoxe gauza zatarrez betetako liburua ez zen ba! Hori al zen zorioneko iraultza? Txiste txar bat iruditu zitzaidan, eta hortxe hasi eta bukatu zen ideologien munduko nere sartu-irtentxoa.

 

Hauteskundeak datozen bakoitzean, gure plazaberdura itsusi hartako asanblea politikoetara joan ohi zait gogoa, eta partiduentzat han sentitzen hasi nintzen ulertu-ezina eta nazka berritu ohi zaizkit. Eta iruditzen zait plazaberdurako jeneroaren antzeko bidea egin duela politikak ere: baserriko emakume baten esku zartatuek eskainitako jenero fresko izengabea utzi eta supermerkatuko berdura industrial etiketatuen artean aukeratzea gailendu zen bezala jateko gauzetan, politikan ere eztabaida libretik marka batzuen artean aukeratze hutsera pasa ginela aspaldi.

 

Hauteskundeak omen dira igandean. Asko egongo da jokoan noski, baina, inork nahi balu jakin, neri inporta didan joko bakarra da Arriyak eta Larretxeak egun horretan Tolosan jokatuko duten apustua. Han izango naiz, eta ez naiz oroituko hauteskundeak direnik ere.