Andreak: ez zaituztet batere maite

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2016ko urt. 21a, 10:39

 

 

Ez zait gustatzen euskarari buruz jardutea. Ez dut eman nahi euskararen apaiz bat. Ez naiz euskaltzalea; ez dut euskalkontsignarik botatzen. Ni, zerbait izatekotan, "euskalzuloa" naiz: euskararen amazuloa, halabeharrez.

Sei-zazpi urte izango nituen. Amarekin nintzen Donostian. Hango kalean ez nuen euskarazko hitzik aditu, eta hori trauma haundi bat izan zen neretzat. Halako belztasun bat gailendu zitzaidan barruan, eta uste dut trauma haren arrastoa ez zaidala oraindik zeharo kendu eta ez zaidala kenduko behin honuzkero. "Baina hauek zer?, zergatik ez dute hitzegiten euskaraz?, ez al dira gu bezalakoak?, ez al dute gurekin ezer jakin nahi?": holatsuko galderak esango nuke zebiltzala mutikoskor haren barrunbean.

 

Geroztik euskalzulo honek desengainutik desengainura darama bizia, eta desengainurik beltzena da herriko andre-jendearekin hartzen duena, alde haundiarekin. Izan ere, Azpeitian 45 eta 70 urte bitarteko emakumeetan zenbatek egiten dute euskaraz elkarren artean? Nik esan behar banu, erdiek ere ez; laurdenetik gertuago, izatekotan ere. (Badaezpada diot 10 hitzetatik 8 erdaraz esatea ez dela neretzat euskaraz hitzegitea.)

 

Halaxe daude gauzak hemen, euskararen paradisu honetan. Ez naiz inor juzgatzen ari, baizik-eta gauzak nola diren esaten, eta esan beharra daukat mutikoskorretan Donostiako kalean sortu zitzaizkidan galdera haien antzekoak jaiotzen zaizkidala oraintxe ere andre hauen erdarazko jardun etengabekoak jotzen nauen bakoitzean: "baina hauek zer?, zer gertatzen zaie mingainean eta bihotzean?, ez al dute gu bezalakoak izan nahi?"

 

Andreok: iruditzen zait ez duzuela herritar arrunten parekoak izan nahi; ez duzue izan nahi erdaraz juxtu-antzean hitzegiten zuten atso haien parekoak; ez duzue izan nahi zuen amak bezalakoak; umeak eta gaxteak ere ez zarete, jakina, eta bai, beste kategoria bat izango duzue zuek, oraindainoko azpeitiar emakume xume edo arruntek ez zeukaten beste kategoria bat, seguru asko.

 

Baina arazoa da ez zaizuela ezertan antzematen kategoria hori; ez zaizue ezertan antzematen desberdinak, bereziak edo haundiak zaretenik, eta agian horregatik jarri zarete jende haundiaren hizkuntzan hitzegitera; beste guztiok sinistuko dugulakoan bazaretela ez zareten hori. Andreok, señorok, atsook: adinak ez du barkatzen; ez digu inori barkatzen. Denok dakigu adin batetik aurrera biziaren frakasoa pixatzen hasten dela gure barruan; norbere biziaren frakasoa eta ezereza, esan nahi nuke. Onenak emanda gelditzen da bat: bere ona galduta eta bere ederra galduta. Eta orduan askok era batera edo bestera demostratu egin behar izaten dute ez direla hutsa eta badirela zerbait, eta eginahalean horretantxe ari zaretela iruditzen zait eguna joan eta eguna etorri: hizkuntza haundi bat harturik ezpainetan, ezerez bat ez zaretela demostratu nahian eta ezinean. Andreok, señorok, atsook: oso humanoa da hori, humanoegia agian.

 

Nere modukoen beldurrik haundiena da egunen batean ez ote den jarriko herri osoa zeuen erara. Paisajearen parte zarete aspalditik. Onartuak bezala zaudete. Gezurra badirudi ere, koalizio super-abertzaleak ere zuetako bat jarri zuen euskararen arduradun aurreko udalgauzan, 10etatik 8, 9 edo 10ean erdaraz egiten duen horietako bat. Hortik gure beldurrak, andre ez-maiteok.

 

Ez zaituztet juzgatzen pertsonalki. Ez dizuet kargu hartuko sekula zuetako inori. Badakizue zuengatik balitz Azpeitian ez legokeela euskararik. Baina ez dakizuena ere jakin beharra daukazue eta, beraz, jakizue nere moduko euskalzuloentzat amorragarria eta traumatikoa dela zuen ondoan bizitzea; zoritxar esistentziala eta bihotz-belarrietako mina ematen diguzuela; eta batizbat, jakizue ez zaituztegula batere maite.

 

Andreok, señorok, atsook: egizue nahi duzuen ostiye zuen mingainarekin, baina hau dena jakinda bizi zaitezte, faborez.