"Korrontzi Dantzan" Jalgirekin

Erabiltzailearen aurpegia Jalgi Dantza Taldea 2016ko urr. 26a, 09:21

Zarautz Ttattaka musika jaialdian hartuko du parte dantza taldeak.

Jalgitar dantzari, guraso, adiskide... Jalgikide:

HOTZ-ZARAUTZ Gobernuz Kanpoko Erakundeak ‘Zarautz Tanttaka Musikaldia’ musika eta dantza jaialdi ikusgarria antolatu du urriko azken astebururako: urriaren 28an (ostirala), Chalwa Band & King Konsul, The Vartools eta Ze Esatek taldeek joko dute. Eta urriaren 29an (larunbata), 18:00etatik aurrera, Korrontzi Folk (Jalgi eta Oinkari dantza taldeekin), Oreka TX eta TikTara taldeen emanaldiak izango dira, eta gauean Doctor Deseoren kontzertua. Saio guztiak Salbatore Mitxelena Ikastolan izango dira (euriarekin, Aritzbatalde Pilotalekuan).

            Dakizunez, HOTZ-ZARAUTZ plataformaren helburua Siriako gerrak eragindako iheslari eta errefuxiatuei laguntzea da. Jaialdi horrekin, bada, gerra errefuxiatuen patu gogorrarekiko sentiberatasuna hauspotu nahi du gure gizartean, eta, bide batez, asteburu horretan lortutako dirua haiei laguntzera bideratu.

            Guri dagokigunez, Jalgiko gazte eta helduen taldeek "Korrontzi Dantzan" emanaldian hartuko dugu parte. Korrontzi Folk, izan ere, musika tradizionala eta garaikidea uztartzen dituen musika talde ezaguna da. Euskal Herriko hainbat herritan eskaintzen ditu saioak, herri bakoitzeko dantza taldearekin (kasu honetan, Jalgirekin) hainbat astetan zehar bere kantuen dantza-koreografiak landu ondoren. Korrontzi Folk eta Jalgiren arteko lankidetza horren fruitua izango da, hain zuzen, aurkezten ari gatzaizkizun urriaren 29ko ekitaldia.

            Aukera paregabea duzu, horrenbestez, euskal eta europar gizartearen kontzientziak inarrosten dituen (edo beharko lituzkeen) gerra hondamendiaren biktimen alde sos batzuk ematearekin batera, musika eta dantza jaialdi bikain batez gozatzeko. Bi txori harri bakar batez, esaten zaio horri.

            Sarrerak salgai daude dagoeneko, Turismo Bulegoan zein HOTZ-ZARAUTZek Zigordia kalean ireki duen lokalean (Chapucettiren aurrean). Ostiraleko kontzertuaren sarrerak 10 € balio ditu; larunbat arratsaldeko saioak 10 €, Doctor Deseoren kontzertuak 15 € eta larunbateko bonoak 20 €. Asteburuko bonoak, azkenik, 25 € balio ditu.

            Mezu honen bidez jaialdiaz elkarrekin gozatzera animatu nahi zaitugu. Bitartean, ez adiorik, eta segi dantzan!!!