Gau Beltzaren jaia ospatuko du Jalgik urriaren 31n

Iazko Gau Beltzean, Jalgi dantza taldea. (Jalgi)

Alproja, Zarautz TRIK, Montetxio korua eta Motxian-Etxebeltz Bertsoguneak hartuko dute haiekin batera. Musika eskolatik abiatuko da kalejira, 19:00etan, eta ondoren, Lege Zaharren enparantzan egingo dute emanaldi nagusia.

Jalgi Dantza Taldeak, iazko saio arrakastatsuari segida emanez, bigarren urtez ospatuko du Gau
Beltzaren jaia, Santu Guztien Egunaren bezperako gauean, urriaren 31ko gau berezian.

Izan ere, Estatu Batuetako Halloween jaiaren hotsak guregana iritsi aurretik, udazkeneko arratsalde ilunetan kalabaza arimadunek euskal herrietako bide-bazterrak argitzen zituzten. Azken urteetan, hainbat antropologo eta idazlek egindako ikerketetatik abiatuta, Euskal Herriko kultura eta dantza talde ugari ari dira gure herrietan Gau Beltzaren jaia berreskuratu eta berriro gure kaleetara ekartzen. Horixe da gure asmoa: Zarauzko kaleetan ere jai horren oihartzuna berpiztea.

Gau Beltzak hasten du, hain zuzen, neguko festen zikloa: badator negua, lurra lokartzeko garaia. Ziklo hori Santa Agedan amaitzen da, makilen hotsarekin berriro lurra esnatuz. Gau Beltzean, hildakoak hilobietatik ateratzen dira. Hildakoek eta bizidunek elkarrekin igarotzeko gaua irudikatzen du jaiak: hori bai, hildakoek bizidunak ezagutu behar ez dituztenez, bizidunak aurpegiak estalita aterako dira kalera.

Bestalde, jaia berreskuratzearekin batera, haren jatorrizko euskal kutsua ere gorde nahi da, azken
urteetan erruz zabaldu diren erdarazko «trick or treat» / «truco o trato» esapideen ordez euskaraz
tradizio luzea dutenei eutsiz. Esapide hauxe, adibidez: «Xanduli manduli kirrikiki, eman jatekoa guri».


Talde parte hartzaileak eta ibilbideak

Jalgik herriko hainbat eragileri ere Gau Beltzaren jaian parte hartzeko aukera zabalduko die. Aurtengo jaian talde hauek ere arituko dira: Alproja, Zarautz TRIK, Montetxio korua eta Motxian-Etxebeltz Bertsogunea.

Jalgiko dantzariak Imanol Urbieta Musika Eskolatik aterako dira, 19:00etan, Alprojako kideekin batera. Kasino kaletik Gipuzkoa kalera, eta handik Kale Nagusira abiatuko dira. Torre Luzean geldialdia egingo dute, eta handik Musika Plazara joango dira. Montetxio korukoak izango dituzte bertan zain. Plazan kantatu eta dantzatu ondoren, Jalgikoak Ipar kaletik, Santa Marinatik eta Herrikobarratik barrena sartuko dira Lege Zaharren Enparantzara, festa amaierako ekitaldia egitera. Alprojakoak bitan banatuta joango dira Lege Zaharren Enparantzara: batzuk Zigordia kaletik eta besteak Ipar kaletik eta Barren Plazatik barrena.

Montetxio korukoak Zigordia kaletik iritsiko dira. Bestalde, Zarautz TRIK taldeko kideak herriko kaleetan zehar ibiliko dira Lege Zaharren Enparantzara iritsi aurretik. Denok plazan bilduta, amaiera ekitaldian dantzari, antzezle, bertsolari eta abeslari guztiek hartuko dute parte. Saioa biribiltzeko, trikitilariek festa luzatuko dute plazan.

Azkenik, Jalgik herritar guztiak gonbidatu nahi ditu festa honetan parte hartzera: bai ibilbidera
mozorrotuta agertuz (etxetik hartutako edozein trapuk balio dezake, betiere aurpegia estalita), bai
arratsaldeko 18:00etan Lege Zaharren Enparantzara hustutako kalabazak eramanez, asmoa plaza kalabazaz betetzea baita.