Bidezko Merkataritzako produktuak salgai

Zarauzko LA SALLEk Bidezko Merkataritzako produktuak salduko ditu herrian, hilabetean behin.

Bidezko Merkataritza, gardentasunean eta errespetuan oinarritutako sistema komertziala da. Bere helburua, nazioarteko merkataritzan zuzentasun handiagoa izatea da, gizarte- eta ingurumen-irizpideei arreta handiagoa jarriz.   

Pare bat urte dira bidezko merkataritzaren gaiarekin  hasi zirela  La Sallen, Proyde-Proega GGKEren bidez. Hasiera batean, sentsibilizazio lan bat egin zuten ikasleekin eta ondoren ikastetxean bertan produktuen salmenta egiten hasi ziren. Jende Xumea taldea arduratu zen. Bide horretan, urrats berriak eman nahi zituztela konturatu ziren.

Lehenengo urratsa ziurtagiria lortzea izan zen. Honek bultzada bat eman zion eskolako hezkuntza elkarteari, aurrera jarraitzeko eta erronka berriei heltzeko.

Dagoeneko amestu zituzten helburuak betetzen hasi dira. Horietako bat, produktuak herrian saltzea. Boluntarioen talde bat osatu da denda eta salmenta antolatzeko. Aukeratutako egunak: Martxoak 19, apirilak 23 eta maiatzak 21, guztiak larunbatak. 

Denda, Lege Zaharren Enparantzan  jarriko da, goizez, 10:00etatik 13:30tara

La Salle ikastetxeko Bidezko Merkataritzako arduradun den  Maite Pardinak azpimarratu nahi izan digu proiektu hau ikastetxearen hezkuntza proiektuan oinarritutako ideia bat dela,  bi ezaugarri aipatuz: alde batetik, “gizartearen zerbitzura egotea” eta bestetik, “justizia sustatzea”.

La Salletik, dendara hurbiltzera gonbidatzen gaituzte. Edozein galdera edo kontsultaren bat erantzuteko ere prest egongo dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide