Gaztainak janez Manolo gogoan, kantari!

Erabiltzailearen aurpegia La Salle Zarautz 2016ko aza. 15a, 22:24

San Martinekin batera negurako prestatzen hasten ginen garai batean; negua badatorrela iragartzen digute ere bero-bero danbolinean itzulika izaten ditugun gaztain horiek.

La Salle ikastetxeko jolastokian gaztainjana izan dute, eta suaren inguruan ahozko tradizioak izan zuen garrantzia gogoratuz, kantuan izan dira, oraingoan, bereziki, Manolo Urbieta gogoan.

La Salleko Ihintza aldizkarian, datorren alean, eskerronez idatzitako lerroak eskaini nahi izan dizkiote La Salle Ikastetxetik. Bere kantuei esker, betirako gure artean da Manolo.

BIZITZA KANTU BAT DA

Badu musikak zerbait... Hizkuntza unibertsala dela diote, oharkabean ere, gure memoria piztu eta esnatzeko ahalmena duena; musika notetan jositako hitzak errazago gelditzen zaizkigu, ia ahaleginik egin gabe ere barneratzen ditugula. Ez da magia kontua. Kultura guztiak jabetu dira musikaren ahalmen honetaz, eta batzuek izpiritualtasuna iristeko bide gisa baliatu duten bitartean, beste batzuek komunitatea egiteko modu ikusi dute, eta irakaskuntza munduan gabiltzanok, baita ikasteko tresna bilakatu ere.

Ahozko literaturarekin lotu izan ditugu kopla zaharrak, baladak, atsotitzak, ipuin eta hitz jokoak... baina euskaraz haur kanten altxor-kutxa erdi hutsik genuela ohartuta, Manolo Urbieta buru belarri lotu zitzaion duela 40 urte euskal haurrentzako soinu banda propioa sortzeari.

Zarauzko Musika Plazan jaio zen duela 83 urte. Predestinato, esango luke norbaitek. Hark kontatzen zuen, hiruzpalau urte zituela, handitan zer izan nahi zuen galdetu ziotela, eta berak, erantzun: Nik ofizio alegreena izan nahi dut. Eta tarteka sufritzea egokitu zitzaiola badakigun arren, bizitza osoa musikaren bueltan egin ostean, bere kantak jarri eta haurrak saltoka eta dantzan ikustean, poza eta alaitasuna banatu dituela ezin uka.

Gurean, Zarauzko La Sallen ere musika irakasle lanetan ibili zen, eta gaurko irakasle taldean zenbaitek miresmen eta maitasunez gogoratzen ditu maisu bikain harekin emandako orduak. Izan ere, gehienentzat etxeko hizkuntza euskara bazen ere, eskolak gazteleraz ematen ziren garai hartan, baina Manolok euskaraz atontzen zituen kantak alaiak. Aizarnako Pablo anaiarekin ere gogoratu behar, Manolo klase ematen ari zen batean, berriketan ari baitzen bat edo beste, eta hark esan baitzion Cuando Manolo habla hay que begirar. Pasadizuaz gogoratzen zela aitortu zuen Manolok berak gure ikastetxera Mendeurrena ospatzera gonbidatu genuenean.

2016ko irailaren 28an joan zaigu Manolo, 83 urte beteta. Zarauzko udal musika eskolak bere izena du, eta berak sortua da ere Donostiako Xirula-Mirula musika eskola. Bereak dira ere koloretako uztaiez irudikatzen ditugun ranroberren bolanteak, eta harekin batean kontatu ditugu geletan hamarrera bitarteko Jon Braun Indio txikiak. Hari esker ikasi zuen astoak gure gelan, eta harrezkero xaguek ere badakite hizketan. Musika bera ez zen Manolorentzat helburu, bitarteko baizik: mundua ezagutzera emateko modua, haurrak bere burua deskubritzeko tresna... Txiki-txiki-txikiak garenean ateak zabaltzen lagundu behar digutelako, haur begien parean leiho handiak zabalduz.

Eta, hala, euskal haurrentzako altxor-kutxa betetzen joan zaigu Manolo, eta askok, bera nor den jakin gabe ere, haren kantak ikasi dituzte, eta haien ondorengoei irakatsi; bere kanta asko eta asko herrikoi bilakatzeko bidean dira, eta hark esana da, hori dela musikari batentzat ametsetan ederrena. Horixe izan da bere ekarpen oparoa, eta eskerronez, bera joan berri zaigula, gure Ikastetxeko kantu saioak haren omenez burutu ditugu, bai Haur Hezkuntzan, baina baita LH eta DBHn ere... Gure soinu bandaren zati direlako, bizitza, Manolok esan bezala, kantu bat delako, kantatzen ez duenak, zorionik ez duelako.

Berak kanta bat maite zuen bereziki, Alostorreko zurubi luzea... Bakarrik eta libre badoa, gora gora, txori ameslari gisa. Goian bego, euskal haurren irribarre, salto eta ahotsak bihotzean.