Larunbatean, Jai Solidarioa

Erabiltzailearen aurpegia La Salle Zarautz 2016ko abe. 13a, 14:59

Larunbat arratsaldean, La Salle Ikastetxean, azken urteetan egin bezala, Jai Solidarioa ospatuko dute. Gabon-jakiak, txokolate beroa, tailer eta jokoak, musika emanaldia... denetarik izango da. Eta modu batera edo bestera, Guatemalako proiektu batean laguntzeko aukera.

Garai batean, sutondora biltzen zen familia, hotzak uxatu eta giro epelera. Opor usaina baino zerbait gehiago dute Gabon Jaiek...

Ate joka ditugu festak, eta La Salle familiak, Zarautzen, urtero legez, guztiak batu nahi dituen festa solidarioa antolatu du datorren larunbaterako.

Gurasoek polit askoa prestatu dute Jaiotza, eta ilusio hartara bilduko dituzte hilaren 17an, arratsaldez, ikasle, irakasle, eta parte hartzera gerturatu nahi duen oro.

Horretarako, gabon-jakiak eta txokolate beroa dastatzeko aukeraz batera, txikienentzako tailer eta jokoak prestatu dituzte. Bertaratuz gero, Lehen Hezkuntzako ikasleen musika emanaldiaz gozatzeko aukera izango duzue, baita bertso-koplak entzutekoa ere. Elkartasunez, DBHko ikasleek ikasturtean zehar lantzen dituzten hainbat proiekturi bide emateko aukera ere izango duzue; batetik, SEIN giroan, eta Emausekin elkarlanean, erabilitako arropak jasotzeko edukiontziak topatuko dituzuelako bertan -aste osoan zehar izango dituzue eskura-, eta bestetik, La Salleren GKE den Proyde-Proegak sustatuta, Tandanacui taldea laguntzeko aukera izango delako, urtean zehar tarteka-tarteka egindako eskulan ederrak eta gabon-postalak erosiz. Aurten, bilduko den diruak Guatemalarako bidea hartuko du, San Marcos eta El Quiché departamenduetako herri eskoletan neska eta nerabeen haurduntze goiztiarraren prebentziorako hezkuntza-proposamena sustatzeko. Ikastetxeko Bidezko Merkataritza denda ere bertan izango da, honezkero ezagun dituzuen produktuak salgai.

Arratsalde pasa, elkarbanatzearen ilusioz hasi nahi dituzte Gabonak La Salle Ikastetxean. Gerturatu!