Gurasoak ipuin kontalari

Erabiltzailearen aurpegia La Salle Zarautz 2018ko api. 24a, 12:11

Apirilaren 23an, astelehenez, Liburuaren eguna aitzakia hartuta, gurasoak izan zituzten ipuin kontalari La Salle ikastetxean.

Egun osoa erlojuaren menpe eman duenak, ezin jakin nola, etxeko txikiek lotarakoan ipuin bat kontatzeko eskatzen badute, tarte batez magia egin eta denbora gelditzeko gaitasuna duela dirudi. Etxean, minutu laburrez bada ere, bizilagun berriak topatu, eta haiekin abenturak biziko dituzte, nahiz eta askotan, gauero-gauero, abentura bera izango den. Horrela sortzen dira ohiturak, eta baita loturak ere. Txikitako gauak une gogoangarri bilakatzen dira denboraren poderioz.

Handitzean, ordea, liburuetan bizi ziren pertsonaiak ez dira beti hain lagun on izaten. Askok, irakurtzea gustoko ez duela esaten du, akaso, irakurtzeko betarik hartu izan gabe. Pennac idazleak Irakurlearen Hamar Mandamentuak idatzi zituen, eta irakurri aditzak agintera batere gustoko ez duela gogorarazi. Nork bere liburua topatu behar du, hitzen artean bere lagun egin nahi dituen pertsonaiak topatu, haiekin bizi nahi dituen abenturak bizi, ireki nahi dituen ateak zeharkatu. Liburuaren eguna aitzakia baino ez da, irakurtzeko gonbidapena.