La Salle Ikastetxean ospakizunez betetako astea

Erabiltzailearen aurpegia La Salle Zarautz 2019ko abe. 20a, 16:32
'Min Mamutxoa' ikuskizuneko partaideak.

Igandean ospatu zuten JAI SOLIDARIOA La Salle Ikastetxean. Beste urtebetez, erabat arrakastatsua gertatu zen festa, familia ugari gerturatuz Gabon giroko jaialdira. Parte hartze zabala izan zen lasterketa solidarioan eta ondoren, kiroldegiko babesean, aukera zabala izan zuten gerturatutakoek: aurpegi margoketa, eskulan txokoa, jolasak, LH 4ko ikasleen abesti saioa, LH 5eko ikasleen Salletxef proiektuaren bidez, pintxo dastaketa, bingoa eta abar luze bat.

Taberna ere jarri zen eta bertan eskatutako borondateari esker, bingoko txartelen salmenta eta lasterketako dorsal salmentari esker lortu zen dirua, 1.700€ inguru izan zen. Diru hori, Proyde-Proega Gobernuz Kanpoko erakundearen eskutik, Guatemalako proiektura bideratuko da. Aurtengoan, Guatemalako San Marcos eta El Quiché departamenduetako herri eskoletan neska eta nerabeen haurduntze goiztiarraren prebentziorako hezkuntza-proposamena sustatzeko bideratuko da dirua.

Bidezko Merkataritzako dendan ere mugimendu handia egon zen eta oso gustura agertu dira egindako salmentak direla eta.Baina aste honetan izan da ospakizun gehiago ere. Izan ere, DBH 2ko ikasleek, proiektu amaiera bezala, euskal dantza emanaldia eskaini zieten LHko ikasleei. Asteazkenean berriz, LH 2ko ikasleek, Min Mamutxoa antzezlana eskaini zuten.Bihar ere, egun handia izango dute: dantza emanaldiak, musika saioa, zozketak, postal lehiaketako sari banaketa, txistorra jana... Gabon oporrei hasiera emateko goiz ederra.

Dena den, DBH 4ko ikasle talde bat ez da Ikastetxean izango. Izan ere, Nazioarteko esperientzien artean, La Salle Sareak Maltan duen Ikastetxe batean egiten dute astebeteko egonaldia. Azken egunak dituzte bertan, baina hango Gabon giroa ezagutu eta ingelesa praktikatzeko aukera izan dute.

Bukatzeko, abenduaren 24ean, goizez, kalez-kale ibiliko dira abestiekin eta musikaz kaleak girotzen.