Añarbeko urtegira bisita antolatu du Pagoeta elkarteak iganderako

Erabiltzailearen aurpegia Pagoeta Mendizale Elkartea 2023ko mar. 7a, 12:30
Añarbeko urtegia. (kronika.eus)

Hamasei kilometroko mendi buelta egingo dute instalazioetara iristeko eta 07:30ean elkartuko dira Agueseko biribilgunean. Interesdunek gaurtik ostiralera eman dezakete izena Mendizabal kinkila-dendan.

Errenteria eta Goizueta arteko mugan kokatutako Añarbeko urtegira egingo du irteera asteburuan Pagoeta mendizale elkarteak. Hori bai, Añarbera iristeko mendi buelta emango dute Susperregitik abiatu eta Urdaburu tontorrera igota. Bertatik ikusiko dute urtegia lehen aldiz eta berau inguratzen duen bidera jaitsiko dira, ondoren. Hamasei kilometroko ibilbidea egingo dute guztira 465 metroko desnibel positiboarekin.

Donostialdea urez hornitzen duen urtegia da Añarbekoa eta Urumea ibaiaren balizko uholdeak ere saihesten ditu. Bada, bertara iritsitakoan, urtegiaren kanpoko zein barruko instalazioak bisitatuko dituzte eta kudeaketa irizpideei buruzko azalpenak emango dizkiete parte hartzaileei. Ur edangarria etxeetara eramateko oinarrizko azpiegitura sakonki ezagutzeko aukera izango dute, beraz.

Pagoetak igandean 07:30ean jarri du irteera ordua Zarauztik, Agueseko biribilgunean, eta parte hartu nahi duten herritarrek gaurtik eman dezakete izena Mendizabal kinkila-dendan. Ostirala izango da azken eguna.