Azken berriak gaztetxearen inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Putzuzulo Amets Fabrika 2021ko api. 13a, 09:21

Oraindik gainean dugu Putzuzulo eraisteko mehatxua, eta horren aurrean, egina dugu gure hautua ere: behin eta berriz errepikatu dugu Putzuzulo eraitsi aurretik bermatu behar dela gaztetxe berri bat Zarautzen, eta beharrezkoa dela, epe luzean ere, herrian gaztetxe bat izango dela ziurtatzea . Eta horretan aritu gara.

Desalojoaren mamua zaharra den arren, bereiziki nahasia eta baldintzatua izan da azkeneko urtea. Putzuzulo 2020 amaieran eraitsiko zutela eta “promotoreen esku” geundela jakin genuen unetik, buru-belarri jardun dugu gaztetxe bat bermatzeko lanean, eta berri asko izan dira ordutik: Putzuzuloren eraisketa atzeratu izana; alkateak agerraldi bidez adierazi izana Zarauzko Udalak eraikin bat erosiko zuela Hegoalden gaztetxea birkokatzeko; erosketa hori egiteko lehiaketa publiko bat martxan jarri baina bertan behera utzi izana; bigarren lehiaketa publiko bat abiatu izana…
Eta orain ere bada berririk: antza, lehiaketa publikora aurkeztu den eraikin bakarrak baldintza tekniko guztiak betetzen dituela ebatzi du kontratazio-mahaiak, eta udalak aurrera egingo du eraikin horren erosketarekin, gaztetxea birkokatzeko.

Iaztik azpimarratu dugu, dena den, udalak eraikin bat erosi arren, erabakitzeke egongo direla balizko lagapen baten baldintzak. Guk argi dugu: gaur egun Putzuzulo den eraikina okupatu zenetik lortu diren baldintza berdinak exijituko ditugu etorkizuneko gaztetxean ere, eta espazioaren erabileraren eta kudeaketaren gaineko erabakimen osoa egozten diogu gaztetxeko asanbladari.

Horretaz gain, baina, badugu beste jomuga garbi bat: esan bezala, Zarautzen epe luzean ere gaztetxe bat izango dela bermatu nahi dugu. Zarautzek gaztetxea behar duelako; gaur nahiz bihar, hamaika proiekturen eta hamaika jardun politiko eta kulturalen aterpea delako, izango delako, eta izan behar duelako.