Argazkiak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko mar. 1a, 00:00

Hamarraldi honetako egunik esanguratsuenetakoan egokitu zaio zutabe honi sinadura aldatzea. Okerrik ezean, lerro hauek argitara atera eta gutxira zapalduko du kalea Arnaldo Otegik. Sei urte eta erdiko argazki bat berrituko da gaur memoria kolektiboan, aurrekoaren oroitzapena ordezkatzeko.

Espainiako hurrengo presidente izan nahi dutenek ez dute ikusiko: ordu berean, irtenbide urriko inbestidura saioan ariko dira buru-belarri. Larunbata ere gordea dute agendan, lehenbiziko bozketan gehiengo osorik bildu ezean bigarrena egiteko. Egun garrantzitsuak dira, nonbait, Madrilgo bulegoetara begira egoteko.

Irudiekin kontatzen diogu historia geure buruari. Haietan oroitzen ditugu iragandako gatazkak, eta haietan bilatzen ditugu egungoen jatorriak. Irudi bakoitzak gertakari bakoitzaren zati txiki bat kontatzen du, begiratu duen hark harrapatutako horixe. Horregatik ateratzen ditugu, beharbada, argazkiak: ikusi duguna, ulertzen duguna, kanpora azaltzeko bidea direlako.

Ikusten dugun hura gogoratzen dugu. Beste alde batera begira —esate baterako, tren bateko leihotik kanpora— harrapatu gintuen hura berreraiki egin behar dugu derrigor; kontatu egin behar digute ulertzeko. Beharbada horregatik aldentzen dugu batzuetan begirada; ikusi ez badugu, oroitu beharko ez dugulakoan edo.

Osorik irakurri