Sareko ni

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko mar. 19a, 00:00
Denbora daramat argazki makina bat erosi nahian, eta Facebookek egunero gogorarazten dit horretarako dirua falta zaidala. Orriko iragarkiak pertsonalizatzen dituen algoritmo apetatsuak irudi zehatza osatu du Interneteko nire bilaketei esker. Bere kabuz ondorioztatu du, esaterako, amatasunaz pentsatzen hasi beharko nukeen adinean nagoela, haurdunaldi testen iragarkiek erakusten dutenez gero. Portugesez dakidala ere uste du, sarri gomendatzen baitit Criança amorosa deituriko orrialde bat. Eta Kataluniatik joan-etorri ibiltzen naizela ere badakienez, beti eskaintzen dizkit autobusak ospa egiteko.

Martxoaren 8an takoidun zapatak agertu zitzaizkidanean, haserretu egin nintzen algoritmoarekin: «Hau engainatu beharra dago nolabait». Harrezkero drag-king tailer bat egiten saiatu naiz online, Facebookentzat 50 urteko gizon bihurtu ote naitekeen ikusteko. Bizarra mozteko markak bilatu ditut Googlen, gorbaten prezioak eta, are, Audiak saltzen dituzten kontzesionarioak. Uste dut lortu dudala algoritmoa gutxienez harritzea, Madrilgo gay-bar dotoreen mapa bat erakutsi baitit lehenbizi. Baina berehala ohartu da ziria sartu diodala: Facebook zabaldu dudan hurrengo aldian, hortxe zeuden berriro soineko loredunak eta atzerrian ikasteko bekak. Betiko neska gazte prekarioa naiz berriz.

Osorik irakurri