Newroz

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko mar. 20a, 00:00
Alemanian, hemen bezala, badago herrialde bat azalean, eta beste bat azpian. Bata turismo gidetan agertzen da, puntako industria du eta hegoaldeko estatuei zorra erreklamatzen die; bestea ia ikusezina da, eta itzalpean osatu du bere babes-sarea. Tarteka, hitzordu jakin batzuetarako, ehunka kurdu biltzen dira hiriren bateko guneren batean: Irandik mehatxatuta ihes egindako musikariren baten kontzertua ikusteko, adibidez; Turkiak egindako sarraskien dolua partekatzeko; edo, gerrillek lagunduta, Sirian sistema federala ezarri dutela ospatzeko.

Gertaera horietako bat ikusteko zoria daukan europar arruntari ahaztu egiten zaio Alemanian dagoela. Erbestean sortutako Kurdistan bat ikusten du, mugez harago Ekialde Hurbilera lotua dagoena. Hego Amerikako diktaduretatik ihesi joandako errefuxiatuen topalekuak ekartzen dizkiote gogora halako enkontruek, nahiz eta hemen jendeak denetariko arrazoiengatik migratu duen.

Egunotan Newroz ospatzen ariko dira, kurduen erresistentziaren sinboloetako bat bihurtu den jai nazionala. Turkiak urte luzez debekatu die hura ospatzea, sarraskiak ere eragiteraino, baina kurduek jai handiago batekin erantzuten diote urtero udaberriko lehen egunean. Ez dutelako sekula udaberriarekiko fedea galtzen.

Osorik irakurri