Hegazkinarena

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko mai. 20a, 00:00
Ostegun goiza da eta Mediterraneoan hegazkin bat desagertu da, neuk beste bat hartu baino ordu batzuk lehenago. Eta justu ordu horietan zutabe bat idaztea egokitu zait. Hasi naiz egunkarietako orrietan barrena albiste bila, sare sozialak errepasatu ditut istorio bitxiren baten peskizan, baina alferrik: piztuta dago nire barruko paranoikoa, eta ez da itzaliko arratsaldeko hegazkinetik onik irten arte.

Bai, badakit estatistikek salbatuko nautela, baina hegan egiteari izua diogunontzat ez dago balio duen argudio arrazionalik. Areago: askoz ulertezinagoa zaigu 397 tonako tramankulu bat hainbeste denboraz airean egon litekeela pentsatzea.

Paristik Kairorako bide horretan egongo ote zen zutabegilerik? Eta, baldin bazegoen, pozik geratuko ote zen bere azken zutabearekin? Hegazkinak ur azala jo baino lehen azken 1.200 karaktere horiek berridazteko aukera eman izan baliote, zer idatziko ote zukeen? Zerrendatuko ote zituzkeen bere bizitzako pozak eta tristurak, esker onak eta barruan gordeak? Edo, besterik gabe, izuari utziko ote zion lerroak betetzen, ustezko galbide ziur hauek heroismo gehixeagoz onartu behar lituzkeela pentsatuz, eta amorratuta, oraindik asko geratzen zitzaiolako kontatzeko?

Osorik irakurri