Galdera berriak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko eka. 7a, 00:00
Igandean, 37.000 euskal herritar estatuari buruz bozkatzen ari ziren bitartean, Suitzan ere erreferenduma egiten ari ziren. Oinarrizko errentari buruzkoa zen galdera: herri ekimeneko lege proiektua indarrean sartu izan balitz, Suitzan bizi den heldu orok, jatorria edozein duela ere, hilero 2.500 franko (2.250 euro) jasotzeko eskubidea izango luke baldintzarik gabe.

Euskal irakurleak eskuak burura eraman baino lehen, komeni da argitzea Suitzan batez besteko errenta 5.400 euro ingurukoa dela eta goizeroko ogia Argiñanoko aperitif bat bezainbeste kostatzen dela. Bizkaian 990 euroko diru-sarrera ezartzea bezala litzateke, gutxi gorabehera. Gehiegi iruditzen zaizuela? Suitzarrei ere bai, antza: igandean, %78k aurka bozkatu zuten. Finantzaketa aipatzen zuten argudio gisa: BPG handiena duten herrialdeetan laugarrenak gehiegi igo behar lituzkeela zergak, eta horrek dena desorekatuko lukeela. Baina produktibitatearena ere aditzen zen: oinarrizko diru sarrerak ezer ez egitera bultzatuko lukeela jendea. Aldekoek, berriz, aurkakoa: jendeak «existentziaren izua» galduko lukeela, eta gusturago eta seguruago egingo lukeela lan. Galdeketa galdu arren, gustura agertu dira, babesa %22ra igo delako eztabaidaren ondorioz. Bozketek balioa irabazten baitute galderak itxi ordez, galdera berriak sorrarazten badituzte.

Osorik irakurri