Muriel

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko eka. 9a, 00:00
Emakume batek gerrira lotuta zeramatzan lehergailuak zartarazi zituen Bagdadetik 70 kilometrora 2005eko azaroaren 9an. AEBetako soldadu talde bat zeukan jo-mugan, baina haietako bat baino ez zuen zauritu. Berehala jakinarazi zuten ekintzailea Muriel Degauque belgikarra zela: «Mendebaldeko lehenbiziko emakume islamista suizida» gisa aurkezten dute harrezkero hemeroteketan.

Europako hedabide nagusietan nabarmendu zuten katolizismotik fede musulmanera konbertitu zela Marokoko gizon batekin ezkonduz geroztik, eta xehetasun handiz deskribatu zuten haren trantsizioa: zapia lehenik, txadorra gero, immolazioa azkenik. Hurrenkera ezin logikoagoa. Haren haurtzaroko traumetan oinarritu zituzten atentatuaren azalpenak; akademikoak agertu ziren telebistan, esanez ezkontza bidez konbertitutako emakumeek arrisku handiagoa dutela islamismoan «erortzeko». Izaera ahula eduki behar baita norbere burua soldadu talde baten aurka leherrarazteko.

Hamar urte geroago, Europak ekintzaileak esportatzen jarraitzen du, baina oraindik zapiekin eta txadorrekin osatu nahi du azalpena, bere hirietako gune baztertuenetara edota atzerri politikaren aurrekontuetara begiratu ordez.

Osorik irakurri