Kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko eka. 10a, 00:00
Zure herriko alderdi bat zeruaren urdina eta mendien berdea txalotzen hasten denean, badakizu hauteskunde kanpaina hasi dela. Edo propio agerraldi bat antolatzen duenean zure etxe aurreko lorategi horretan beste zuhaixka bat landatzeko —baina, ene, zer-nolako zuhaixka!—. Edota azkeneko kanpainatik tiraderan egon diren lege proiektu distiratsu haiekin gogoratzen denean berriro. Babes ofizialeko etxebizitzak marrubiak bezala ateratzen dira urteko sasoi honetan.

Lasai hartu, halakoak sobera izango ditugu-eta datozen bi asteotan. Lehenengotarikoa euskara datuekin egin berri du Eusko Jaurlaritzak. Pozik erakutsi ditu Hizkuntza Politikarako arduradunak ikerketa batek emandako datuak: hemendik hogei urtera, herritarren %83k jakingo dutela euskaraz, eta soilik gazteen %7k ez dutela ulertuko. Nabarmendu zezakeen %83 horietako gehienentzat eskolako hizkuntza bihurtzen ari dela euskara, edota eguneroko erabilera jaitsi egiten dela gazte horiek zahartu ahala. Baina uda hasierako kanpainan gaude, eta beti da ederragoa zeruaren urdinaz eta eguzkiaren goxoaz poztea, lurreko zokoak iluntzen dituzten itzalei begiratzea baino. Ongi etorri kanpainara.

Osorik irakurri