Ardi latxa

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko eka. 11a, 00:00
Herri gisa gauzak birplanteatzeko sasoian gaudela baliatuz, auzi estetikoari ere heltzeko garaia izan litekeela bururatzen zait. Alegia: inertziek eta konplitu beharrek bultzatutako iragana alde batera utzi nahi badugu, gauza bera egin behar genukeela behingoz ardi latxaren look-arekin.

Badakizue zein den ardi latxaren look-a: eusko labeldun itxura hori, urtez urte aldatuz doana, baina herri guztietan errepikatzen dena. Bilboko manifestazio handia parada ona izan ohi da urte berriko tendentziak antzemateko. Garai batean mendiko arropa zen; baina, hori bai, markarik garestienetakoa —uste dut Ternuak probetxu handiagoa ateratzen diola manifestazioari, Etxerat-ek baino—. Gero gerrian minimoki bildutako jertseak eta Skunkfunk-eko diseinu kubistak iritsi ziren; eta azken urteotan hipismorantz doa berriz joera. Baina beti trauskil, ez dezaten pentsatu pijo hutsak garela.

Zergatik gaitzesten ote du ezkerrak janzkera dotorea? Inditex aspaldi hasi zen zapi palestinarrak saltzen, baina gaztetxeetan ez da oraindik inor txalekoaz edo pamelaz jabetu. Pobreak, beharbada, izan gaitezke, baina ez horregatik gutxiago dotoreak, demontre. Edo Allendek berak esan omen zuenez: «Azken batean, iraultzarako bideak borrokalari kontzienteak behar ditu, ez gaizki jantzitakoak».

Osorik irakurri