Non daude

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko eka. 26a, 00:00
Ekain hasierako goiz batez, telefonoak jo dio emakumezko kazetari, politologo edo soziologoari: irratitik, udako tertuliarako iritzi-emaileak behar dituztela. Zein gairi buruz?, galdetu du. Edozein, aktualitatearen arabera. Pentsakor geratu da: bere gaiei buruz akaso bai, baina edozeri buruz hitz egitea ez ote da gehiegizko atrebentzia? Eta, edozein kasutan, ez ote diote berari deitzen soilik emakumezkoen kupoa betetzeko? Bere burua irudikatu du irratiko estudioan: «Kaixo, ni neu naiz, eta hau da nire iritzia». Ezetz esan dio irratikoari.

Gizonezko kazetari, politologo eta soziologoak gutxiagotan galdetuko dio bere buruari zergatik eskatzen ote dioten iritzia. Hori errealitate bat da, eta telebistako tertulia mahaiak dira horren froga. Katalunian kanpaina bat ere abiatu dute #OnSonLesDones traolarekin (non daude emakumeak), sail eta gai garrantzitsuenetan emakumezkoen iritziek daukaten leku eskasa ikusarazteko.

«Baina gero deitzen diegu eta ezetz esaten dute», ihardetsiko du norbaitek. Egia. Eta kontua ez da kuotak ezartzea edo inor behartzea. Kontua da emakumeok gehixeago sinetsi beharko genukeela geuk ere eman ditzakegula ikuspegi berri eta interesgarriak; eta iritzien merkatuan nagusi diren zenbait gizonezkok, beharbada, ohartzen hasi beharko luketela beraiek ere ez dutela urrezko arrautzarik saltzen.

Osorik irakurri