Gure festak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko eka. 28a, 00:00
Ez dakit nolako igande gaua igaroko zuten «demokraziaren festa» herriko festekin nahastu ez zaien tokietan. Gurean baino ilunxeagoa, pentsatzen dut. Halakoetan saihetsezina zait herriz herriko emaitzak eskuan ditudala festa gunera jaitsi, ingurura begiratu, eta zenbatzen hastea. Ea: gure herrian, PP eta Ciudadanosen artean, mila boto baino gehiago pilatu dituzte. Plazan dagoena baino jende gehiago da hori. Pacmak 67 atera ditu. Egun bateko txosna txandak betetzeko adina. Ez naiz iritsi irudikatzera zenbat ardo eta azpizun behar liratekeen EAJko boto-emaileei herri bazkari bat antolatzeko. EH Bildukoena merkeago aterako litzaiguke.

Edozein kasutan, nahiko gutxi iraun du haserreak; aurki bihurtu da erresignazio, eta handik oso gutxira, saltsa eta merenge. Total, denak berdin jarraitu behar badu luzatu dezakegu festa beste pixka bat. Espiritu horrixe eutsi nahi nioke munduaren amaiera iragartzen digutenean. Harridurak, ordea, iraun du. Nahiko ironikoa delako Elkarrekin Ahal Dugu izeneko koalizio batek justu Euskal Herrian eta Katalunian irabazi izana, aldaketa eta autodeterminazio eskariak dauden tokietan, eta Espainiako hauteskunde mapak justu kontrakoa ihardetsi izana: elkarrekin, behintzat, ezin dugula.

Osorik irakurri