Formak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko uzt. 16a, 00:00
Kontzientzia lasai eta irribarrez utzi du David Cameronek Erresuma Batuko Gobernua. Albistea jakinarazi eta buelta ematean grabatu zioten ahapekako kantutxoak bati baino gehiagori ekarriko zigun gogora Hugh Granten pertsonaia Love Actually-n: Downing Streeteko neskamearekin maitemintzen den lehen ministro urduri eta konplexuduna, erronka pertsonal zein politikoei autoironia berarekin heltzen diena. Ia ahaztu eta guzti egiten zaigu zein alderditakoa den ere.

Izan ere, ezkerrak irudikatu nahi lukeenaren kontra, Erresuma Batuko kontserbadoreak ez dira klase borrokaren goiko esferetatik harrokeriaz beherantz begiratzen duten elitista zapaltzaile batzuk. Egia da: ingeles zuri eta helduentzako politikak egiten dituzte gazte eta etorkinentzat baino gehiago —horregatik dira kontserbadoreak—, baina formetan ezin zaie ezer esan. Publikotasunaren kudeatzaileak dira, soil-soilik. Eta umoretsuak, gainera.

Cameronen ahotan ere nekez adituko dugu etsaiaren aipamenik. Ziurrenik, ez duelako politika futboleko partida baten gisan bizi. Gutxien espero zuen mugimenduak bota du gobernutik, eta, hala ere, animoz utzi die eserlekua Brexit-aren kudeatzaile berriei: «Ezer ez da ezinezkoa. Azken batean, noizbait ni izan nintzen etorkizuna». Pozik ikusiko nituzke forma horiek Euskal Herriko instituzioetan.

Osorik irakurri