Koadrotxoak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko uzt. 22a, 00:00
Ustekabeko biraketa ekarri du Pili Zabalaren hautagaitzaren albisteak. Batzuek segituan sartu dute zerrenda beltzean, traiziotzat joz GALen biktima bat abertzalea ez den alderdi batean aurkeztea, familiako historiak haren erabakiak idatzi balitu bezala. Inbidia diet iritzi sendoa dutenei, niri galderak baino ez baitizkit eragin albisteak. Alderdiekiko distantziak alde batera utzita, nahi al genuke gatazkaren biktima bat lehendakari? Ez al genuen aldarrikatzen biktimek ez zutela plataforma politikorik behar?

Alderdien ikuspuntutik, nori egiten ote dio mesede? Podemosi? Zabalak oso garbi sinbolizatzen du alderdiak gatazkaren aurrean agertu nahi duen jarrera — elkarbizitzarena, indarkeria guztiak gaitzestearena...— , eta ezin uka EH Bilduri oin bat sartu diotela etxeko atean: ez dute alferrik aurreratu Zabalaren albistea Arnaldo Otegik bere taldea aurkeztu duen egun berera. Baina, estrategikoki, Podemosen helburua ez al zen EAJ diskurtso sozialetik estutzea?

Hautagai izarrek indar sinboliko handia behar dute ezinbestean. Otegik badauka, eta Zabalak ere bai gai jakin batean; bien artean, euskal gatazka bihur liteke hizpide, eta hori interesgarria da. Baina zalantza daukat jokalekuaren koadrotxo horren inguruko lehian ez ote dizkieten taulako gainerakoak jango.

Osorik irakurri