Telefono ehiza

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko uzt. 23a, 00:00
Ogia erostera jaitsi naizelarik, adiskide bat topatu dut etxe atarian, sakelako telefonoarekin gure fatxadako hormari argazki bat ateratzen. Peritu lanetan hasi ote den galdetu diot txantxetan, gorago ere badauzkagula konpondu beharreko zoko batzuk. Ilargitik jaitsi izan banu bezala begiratu dit, eta, erdi lotsatuta, azaldu dit pokemonak harrapatzen harrapatu dudala.

Ados. Nire etxe atarian pokemonak omen daude. Baina soilik Pokemon Go jokoa telefonoan deskargatuta daukatenek ikus ditzakete fikziozko animaliatxook: ogia erostera jaisten garenok gupidagabeki zapaltzen ditugu antza. Adiskideak «ehiza» deitu dion hori Internetek termino zehatzagoetan azaldu dit: «errealitate areagotua» omen dira halako jokoak, benetako espazioetan jokoetako narrazioen parte diren gertakariak eraikitzen dituztenak. Zalantza daukat areagotzen ari dena, errealitatea bainoago, ez ote den fikzioa, ikusirik pantailara lotuta egotera behartzen zaituzten jokook etxeko sofatik kalera ari direla hedatzen, eta han etxean bezain isolatuta dabiltzala sakelako ehiztariak.

Adiskideak arrazoiz erantzun dit «karka» naizela, Pokemon Go selfie makilaren bigarren bertsioa iruditzen zaidala esan diodanean: inguruarekiko aspermenerako irtenbide bat. Etxe atariko txoritxoa harrapatzen lagundu diot, eta ogia erostera joan gara elkarrekin.

Osorik irakurri