'Atrezzoa'

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko uzt. 24a, 00:00
Ofiziala da: Donald Trump izango da errepublikanoen hautagaia AEBetako bozetan. Planeta erdiak burua astindu du: nola liteke bere buruaren karikatura bat den gizon bat munduko postu boteretsuenetako batetik arra betera egotea? Baina America-n dena da posible. Eta ez genuke ahaztu behar brexit-aren erreferenduma.

«Legearen eta ordenaren» bermatzaile gisa agertu da Trump alderdiko kongresuan. Bost minutuko tartean aipatu ditu «krisi aroa», «Poliziaren aurkako erasoak», «mehatxua», «indarkeria kaleetan», «kaosa» eta «krimena». Bere jokalekuaren atrezzoa ari da prestatzen: politika gogorrak justifikatuko dizkion egoera apokaliptiko bat.

Kriminalitate tasa egiaz behera doala ez da gehiegi axola zaion zerbait. Aise sustatzen da izua gertakari lazgarri batzuk aukeratuz —eskoletara aitaren pistolarekin sartzen diren haurrenak ez, badaezpada— eta haien artean apetazko logika bat eraikiz: terrorea AEBetara iristen ari da, eta dena deskontrolatuta dago. Beste tokietako gaitzak eta gatazkak ez dira ezer; zerbaitengatik aukeratu ohi dituzte estralurtarrek Oklahomako lautadak Lurrari eraso egin nahi diotenean.

Hillary Clintonentzat, oparia da Trumpen karikatura; soilik hark bezalako hautagai batek eman ziezaiokeen duela hainbat urtetik bilatu eta lortzen ez duen irudi fresko eta, nola esan, normala.

Osorik irakurri