Burua galdu

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko uzt. 28a, 00:00
Bi gizon Normandiako eliza batera sartu dira, meza entzutera joandako lauzpabost lagunen aurrera irten, eta lepoa moztu diote 86 urteko apaizari Estatu Islamikoaren izenean.

Norbaitek azalduko dit zein interes izan dezakeen Normandiako herrixka bateko apaiztxo batek Ekialde Hurbila hankaz gora jarri nahi duen erakunde armatu batentzat. Ez da izango Daexen motibazioa bereziki erlijiosoa delako —bestela, gutxienez sartuko zatekeen katedral batera—, edota landa guneko elizak kaltea eragiteko leku aproposena direlako: EIk badaki jende gehiago harrapatuko duela edozein saltoki edo hoteletan, eliza batean baino.

Baina paranoia orokortuz doa, eta badirudi edozein erok topatu duela babesa EIren aitzakian: gehiegikeria egin, haren izenean aldarrikatu, eta kito, gertakari bat gehiago atentatu jihadisten zerrendarako. Daexi ere ez zaio gaizki etortzen, eta baietz esaten du, bezperara arte ezagutzen ez zuen hura bere martiria dela. Gehitu horri uda dela, prentsa bulegoek ez dutela albisterik sortzen eta egunkariak argalduta dabiltzala zeharo, eta emaitza egunotako inpresioa da: telebista pizten dugun aldiro, badirudi munduak burua galdu duela, leku guztietan ari direla halakoak gertatzen eta guztiok gaudela arriskuan. Zalantza ere egiteraino, burua galtzen ari direnak ez ote garen gu geu.

Osorik irakurri