Bertangoxotarrak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko uzt. 31a, 00:00
Guztiok ezagutzen ditugu notentiendotarrak. Etxe azpiko okina izaten da batzuetan, edo kafetegikoa, bi koka-kola eskatu eta «no te entiendo» erantzungo dizuna automatikoki, zu euskaraz ulertzeko ahalegin txikiena egin gabe. Oso harreman sinpleetan blokeatzen diren pertsonak izaten dira, ia beti zuri zerbitzu bat emateko funtzioa daukatenak.

Bada, mugaren beste aldean ere badaukagu notentiendotarren baliokidea: bertangoxotarra. Euskararen erresistentziazko diskurtsoan bere konfort eremua topatu duen hura da bertangoxotarra, notentiendotarrari bigarrengoz bi koka-kola euskaraz eskatu eta, koka-kolarik gabe geratuta ere, bere buruarekin pozik irtengo dena tabernatik, zerbitzariari berea eman diolakoan. Bertangoxotarra ez da ohartzen jarrera horrekin inor gutxi erakarriko duela euskarara. Pozik bizi da mediokritatearekin, baldin eta mediokritate hori euskarazkoa bada, eta ez dio bere buruari esfortzu handiagorik eskatuko: «Aski egiten dugu euskaraz eginda».

Eta ez nazazue gaizki ulertu: euskarazko egunkaria egiten dugunok ederki ezagutzen ditugu zailtasunak. Baina jarrera gisa ezin diogu beste ezeri heldu, Joaquim Maria Puyalek zioenari baino, lehenbiziko aldiz telebistako futbola katalanez erretransmititu zuenean: «Entzun behar gaituzte, baina ez katalanez egiten dugulako, baizik eta ondo egiten dugulako».

Osorik irakurri